ELAk lan-baldintza onak sinatzen jarraitzen du Bizkaiko Metaleko enpresa-hitzarmen kolektiboetan

2019/02/07
2018ko otsailean berriro hasi ziren Bizkaiko metaleko hitzarmena negoziatzeko bilerak. Sektore honek bilakaera ona izan du 2018an Bizkaian, enpresek fakturazioa ugaldu eta etekinak lortu dituzte. Hala ere, sektorearen egoera eder hori ez da islatu negoziazio-mahaian. Patronalak (FVEM), 15 bilera eta gero, ez du eskaintza mamitsurik ipini mahai gainean, eta lan-erreforma baztertzeko klausularik ere ez du sartu. FVEMek ito-puntuan utzi nahi du negoziazioa.

FVEMren blokeoaren aurrean ELAk enpresa-hitzarmenak proposatzen ditu, eduki duinak eta lan-erreformaren aurreko blindajeak lortzeko; baina horretarako, gure antolamendu-gaitasuna sendotu behar dugu sektoreko enpresetan. 2018. urtean helburua lortu dugu hainbat enpresatan (txiki, ertain eta handietan).

2019an ere ildo beretik jarraituko dugu; duela gutxi hiru enpresa-hitzarmen sinatu ditugu:

- IFO INGENIERIA Y FIBRAS OPTICAS, SL (Loiu, 16 langile).

Lehenengo enpresa-hitzarmen kolektiboa.

Indarraldia: bi urte (2019-2020).

KPIren pareko igoerak.

Lanaldia: zortzi ordu gutxiago.

Lan-erreformaren aurkako klausulak (aurrera-eragin mugagabea, hitzarmena salbuestearen kontrako klausula, aldaketa nabarmenak egitearen aurkako artikulua…).

- SERVICIOS SIDERURGICOS CENTRALIZADOS, SA (Sestao, 15 langile).

Indarraldia: bi urte (2018-2019).

Soldata-igoerak: 2018, 60 euro lineal hilean (%4 batez bestez); 2019, 50 euro lineal hilean (%3,75 batez bestez).

Lanaldia: 16 ordu gutxiago.

Hobekuntza plusetan.

Lan-erreformaren aurkako klausulak lehentik bazituzten.

- ETRA NORTE, SA (Mungia, 50 langile).

Indarraldia: bi urte (2018-2019).

Soldata-igoerak: KPI + 0,5 urte bakoitzean.

Aurrera-eragin mugagabea, eta aldaketa nabarmenen aurkako artikulua (salbuestearen aurkako klausula lehenagotik bazuten).

Gaixotasun arrunteko bajak %100ean.

Hobekuntzak baimenetan eta famili bateragarritasunean.

ABLE/ETT bidezko kontratazioa mugatzen duen klausula.

Azpimarratu beharrekoa da hiru enpresa horietatik bitan lanaldi-murrizketa sinatu dela, eta ondorioz, langileen bizi-kalitatea hobetuko dela eta langabeak kontratatzeko aukera gehiago egongo dela. Eta hirugarren enpresan akordio bat egin dela, prekarietatea ezabatzeko, ABLE/ETT bidezko kontratazioa mugatuz.

Akordio horiek lortu ahal izateko beharrezkoa izan da langileen antolamendua eta indar-korrelazio egokia izatea. ELAk bere konpromisoa berresten du, Bizkaiko metaleko enpresatan borroka-ahalmena antolatzeko eta bultzatzeko.