BIZKAIKO ERAIKUNTZA

ELAk lau greba egun deitu ditu

2023/06/01
Patronalak langileen erosahalmena bermatu gabe jarraitzen duela salatzeko, ekainaren 9, 16, 19 eta 20an izango dira greba egunak.

KPIari aurre egiteko eta eros ahalmena bermatzeko negoziaketetan dabil ELA patronalarekin. Bizkaiko eraikuntzan 2023 eta 2024 urteetarako soldata igoerak negoziatzeko bigarren bilera ofiziala egin zen atzo eta patronalaren proposamena honakoa izan zen:

* 2023: % 3,7ko gehikuntza tauletan eta % 2koa pentsio planean

* 2024: % 2ko gehikuntza tauletan eta % 1,25 pentsio planean.

Patronalaren proposamena eskasa da, ez baitu erosteko ahalmena bermatzen, tauletan bakarrik aplikatzen baita. Gainera, sektoreko enpresek emaitza onak izan dituztenez, funtsezkoa da sektoreko langileen erosteko ahalmenari eustea eta aurreko hitzarmenetik kanpo geratutako puntuak berriro mahai gainean jartzeko borrokatzea. Hori dela eta, ELA sindikatuak lau eguneko greba deialdia egin du sektorean ekainaren 9, 16, 19 eta 20an.

Langileak egoera honetan daude CCOOk, UGTk eta Patronalak 2021ean sinatutako hitzarmenean %0ko igoerak jasotzen dituelako. Hitzarmen horrek ez du aplikazio bermerik, ez dio aurre egiten azpikontratek sektorean dituzten arazoei, eta ez zuen lanaldia murriztea aurreikusten. Horregatik guztiagatik, ELA kontra azaldu zen, eta denborak arrazoia eman dio sindikatuari, KPIa zein enpresen mozkinak handitu diren testuinguruan.