LUCART TISSUE (ARTZINIEGA)

ELAk logistikaren kanporatzea geldiaraztea eta 15 lanpostu finkotzea lortu du

ELAk logistikaren kanporatzea geldiaraztea eta 15 lanpostu finkotzea lortu du
Zuzendaritzak otsailean iragarritako plana atzera bota du greba mugagabea deitu ondoren, eta enplegu egonkortasuna indartzea adostu da.

ELAk lortu du Artziniegako Lucart Tissue enpresaren zuzendaritzak logistika saila kanporatzeko otsailean iragarritako plana bertan behera uztea, eta, gainera, 15 behin-behineko langileren kontratuak mugagabe bihurtzea.

Zuzendaritzak enpresa batzordeari (9 ELA) jakinarazi zion logistika zerbitzua kanporatzeko asmoa zuela. Neurri horrek, ohikoa denez, lan baldintzen prekarizazioa ekarri ohi du, eta ordezkaritza sindikalak ohartarazi zuen beste sail batzuetara ere zabal zitekeela.

Horren aurrean, langileek greba mugagabea deitu zuten enplegua eta lan baldintzak defendatzeko. Plantillaren batasunak eta mobilizazioak behartu dute
enpresa neurria atzera botatzera.

Lortutako akordioak enpleguaren egonkortasuna indartzen du eta erakusten du antolakuntza kolektiboa eta ekintza sindikala tresna eraginkorrak direla lanpostuak babestu eta lan baldintzak hobetzeko.

Lucart Tissue nazioarteko talde italiar baten parte da, tisu paperezko produktuak ekoitzi eta eraldatzen dituena, eta 150 langiletik gora ditu.