Bizkaiko metalean mobilizazio eta lanuzteekin jarraitzeko unea da

2019/05/17
Bizkaiko metaleko mahai negoziatzailearen hemeretzigarren bilera burutu da Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera honetan sindikatuok aurkezturiko proposamenari buruzko zenbait argibide eskatu ditu patronalak; soldata errealetan planteatzen den soldata igoera buruzko argibideak eta malgutasuna mugatzeko proposamenari buruzko azalpenak eskatu ditu, hain zuzen ere. Argitu beharrekoa argitu eta gero, patronalak greba egunak bertan behera uztea eskatu du, gure proposamenari inongo erantzunik eman gabe.

Maiatzaren 10ean mahai negoziatzailean gauden lau sindikatuok (ELA, LAB, CCOO eta UGT) Bizkaiko LHK-an eta FEVEM-eko egoitzetan proposamen bateratua aurkeztu eta bost greba eguneko deialdia erregistratu osteko lehen bilera izan da hau.

ELAn argi ikusten dugu patronalak ez duela inolako presarik akordio batera iristeko; hurrengo bilera ekainaren hiruan izango da. Patronala eroso dago egungo blokeo egoeran; izan ere, enpresek jarraitzen dute irabaziak pilatzen, beti ere, langilegoaren esfortzuaren kontura. 

Gauzak horrela, argi dago antolakuntza eta borrokaren bitartez bakarrik lortuko dugula Bizkaiko Metalgintzako langileon lan baldintzak hobetzea, aberastasuna modu justu eta ekitatiboan banatzea eta pairatzen dugun prekarietateari aurre egitea.

Hortaz, Bizkaiko industria siderometalurgikoko langilego osoari dei egiten diogu modu irmo eta sendoan greba egunekin bat egin eta mobilizazioetan parte hartu dezaten.

Lehen hitzordu garrantzitsua maiatzaren 23ko manifestazioa dugu. Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da 11:30etan.