ELAk mobilizazioen alde egingo du Bizkaiko Metalean, patronalak negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu
2022/04/19

ELAk berriz salatu du FVEM Bizkaiko Metaleko patronalak ez duela negoziatzeko borondaterik; izan ere, gaur, apirilak 19, hitzarmena negoziatzeko egindako seigarren bileran, beste behin ere, %2ko soldata igoera eskaintzera mugatu da. Sindikatuak deitoratu duenez, 2021ean KPI %6,5ekoa izanda, eta 2022an %10 ingurukoa, langileak gero eta pobreagoak dira. Hori gutxi balitz, FVEMek baja osagarrietan eta malgutasunean atzera egitea proposatu du, eta langileen lan baldintzak hobetzeko sindikatuen aldarrikapen guztiak errefusatu ditu. Gauzak horrela, ELAk mobilizazioen alde egingo duela iragarri du.
Sindikatuak gogorarazi du Bizkaiko Metalean lan karga dagoela eta 2021ean enpresek etekin handiak izan zituztela. Horregatik, eduki onak izango dituen sektoreko hitzarmen baten aldeko apustua egin nahi du, aberastasunaren banaketa justua bermatuko duena.