Bizkaiko Kontserbagintza
ELAk neurriak eskatu ditu soldata arrakala eta genero desberdintasuna desagerrarazteko

Bizkaiko kontserbagintzako soldata arrakala eta genero desberdinkeria salatu du ELAk hitzarmen berria negoziatzeko mahaian. Horretarako, beste sindikatuei eta patronalari txosten bat helarazi die, non agerian jartzen dituen langileen soldata kaskarrak (kasu askotan gutxieneko soldatatik oso gertu) eta talde profesionalen artean soldata arrakala dagoela (urtean 1.000 euroko soldata arrakala ere). Era berean, sindikatuak nabarmendu du aldizkako kontratu finkoak eta lanaldi partzial gehiegi daudela, kontserbagintzako enpresak oso feminizatuta daudelako (%80tik gora dira emakumeak).
Sektore horretan 600 bat langilek dihardute. Emakumeak %60 baino gehiago dira produkzio alorretan; produktua batez ere eskuz prozesatu, garbitu eta ontziratzen dute. Ekoizpen faseok modernizatzeko hartu dira neurri batzuk, baina lantegi gehienetan betiko lan moduak dituzte, eta baldintzetan genero-ezberdintasun estrukturalak islatzen dira.
Esaterako, kontratu asko behin-behinekoak eta lanaldi partzialekoak dira. Bestalde, aurrez ezarritako lan egutegiak ez dira betetzen, eta horrek zailtzen du lantaldeen egonkortasuna; aldizkako kontratu finkoak batez ere kategoria feminizatuenetan aplikatzen dira.
Soldatei dagokienez, gutxieneko soldataren pareko ordainsariekin batera, soldata arrakala egiaztatu da talde profesionalen artean: talderik feminizatuenen ordaina gizon kopuru handiagoa duten taldeena baino okerragoa da, antzeko eginkizunak izanagatik ere. Aldea urtean mila euro artekoa ere izan daiteke soldata handienetako kategorietan.
Nabarmentzeko modukoak dira ere lan baldintza txarrak: tenperatura altuak, hezetasun handia, horrek eta langileek egiten dituzten mugimendu errepikakorrek gaixotasun profesionalak eragiten dituzte, baina horiek gehienetan ez dira halakotzat aitortzen. Gainera, lan hitzarmenak urtean 1.720 orduko lanaldia ezartzen du, hots, sektore maskulinizatuetako industrian baino askoz ere luzeagoa.
Horregatik, ELAk uste du hitzarmen berria negoziatzean sektorean nagusi den soldata eta genero arrakala desagerrarazi behar dela, baita behargin horien egoera zeharo hobetu ere, besteak beste soldaten igoera, kontratu duin eta egonkorrak eta segurtasun neurri egokiak ezarriz.
Sindikatuak auzi horiek jarriko ditu mahai gainean patronal eta sindikatuen arteko hurrengo bileretan. Hain zuzen, hitzarmenaren negoziazio mahaiaren hurrengo hitzordua urriaren 6an izango da, 09:30etan Precoren egoitzan, Bilbon.