ELAk ohartarazi du langileen % 90 inguruk ez dituztela jasoko UGT, CCOO eta LABek Arabako Metalean adostutako soldata igoerak

2022/09/22
Sektorearen gehiengoak baditu 2017ko hitzarmeneko taulen oso gainetik dauden soldata itunak; beraz, soldata errealek ez dute hobekuntzarik nabarituko. UGT, CCOO eta LABen akordioak deitutako grebak desaktibatzea baino ez zuen bilatzen, eta aukera ematen die enpresei hitzartutakoa edozein unetan akordioa bera ez aplikatzeko.

ELAk berretsi egin du UGT-CCOO-LABek eta SEA patronalak Arabako Metalean lortutako akordioa (2022-2025) errefusatzearen erabakia; izan ere, hitzartutako soldata igoerek ez dute eraginik izango sektoreko langileen % 90engan, gutxi gorabehera, haien enpresek soldata akordio propioak baitituzte. Enpresa horietan, soldata igoera espezifikoak sinatu dira azken urteetan, eta oso azpitik geratu da UGTk eta CCOOk gutxiengoan sinatu zituzten 2017ko hitzarmeneko soldata taulek zeukaten oinarria (eraginkortasun mugatukoa zen, gainera). Hori konpainia handietan ezezik (CIE taldea, Aernnova...), enpresa ertain eta txikietan ere gertatzen da.

Hain zuzen ere, soldata zoru hura hartu dute oinarri UGTk, CCOOk eta LABek igoerak orain sinatzeko, eta horregatik ez dira sektoreko langileen % 90era iritsiko, gainetik baitaude. Beraz, igoera hipotetiko horiek ezabaturik geratzen dira eta ez dute eraginik izango. Hori dela eta, ez da egia esatea aste honetan lortutako ituna KPIari lotuta dagoela. Adibide bat jartzearren, ELAk Gipuzkoako azken hitzarmen metalurgikoa sinatu zuen, baldintza batekin: igoerak pertsona bakoitzak kobratzen dituen soldata errealei aplikatzea, eta ez oso enpresa gutxitan aplikatzen diren taulei.

ELAk azpimarratu duenez, UGT, CCOO eta LABek patronalarekin lortutako akordioak irailaren 21, 22 eta 23rako deitutako grebak desaktibatzea baino ez du bilatu, horien eraginak negoziazio mahaiko edukiak hobetuko lituzkeen arren. Izan ere, ELAk nabarmendu du orain arte egindako grebek behartu dutela SEA patronala duela hamarkada batzuetatik Araban ezagutu ez diren hobekuntzak eskaintzera. Gogoratu behar da gehiengoan sinatutako azken hitzarmena 1999koa dela. Orain, gainera, CCOOk eta LABek ez dute bete ELArekin ekintza batasuneko akordioa: edukietan edo mobilizazioetan edozein aldaketa eginez gero, hiru sindikatuek adostu behar zuten.

Soldataz gain, akordioak hobekuntza batzuk jasotzen ditu, baina ez ditu errebindikazio plataformaren eduki garrantzitsuak jasotzen, hala nola gaixotasun arrunten bajaren osagarriak edo inaplikazioaren aurkako blindajea. Zentzu horretan, UGT, CCOO eta LABek ateak zabalik utzi die enpresei Rajoyren lan erreforma baliatuz sektoreko hitzarmena bertan behera uzteko. Gainera, lanaldi murrizketa ez da nahikoa. Azken finean, Arabako Metalak Euskal Herri osoko soldatarik txikienak eta lanaldi luzeena izaten jarraitzen du. Horren aurrean, ELAk enpresaz enpresa lan egiten jarraituko du, langileek euren lan baldintzak benetan hobetu ditzaten; izan ere, UGT, CCOO eta LABek adostutako sektoreko hitzarmenak ez du aurrerapenik ekarriko Arabako enpresak bereganatzen ari diren aberastasuna banatzeko.