INDUSTRIA
ELAk politika industrialean aldaketak egin ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

ELAk ez du Industria Sailak gaurko deitutako bileran parte hartu. Sindikatuaren ustez, bileraren asmoa ez da industria defendatzeko egungo estrategiaren aldaketa bati ekitea; baizik eta Gobernuaren, sindikatuen eta patronalaren arteko bilera bateratu baten eszenifikazioa aprobetxatzea, helburu propagandistikoekin. ELAk ez du adostasun faltsurik elikatuko, eta adierazi du Pradalesen Gobernuarekin sakoneko desadostasunak dituela industria politikarako estrategia bideratzeko.
Sindikatuak gogorarazi du inbertsio eta esku-hartze publikorik ezak, industria eredu jasangarriago eta errotuago baterako trantsizioari ekiteko planik ez egoteak, industria militarizatzearen aldeko apustuak eta Guardian bezalako enpresen itxiera ez eragozteko Eusko Jaurlaritzak izan duen rolak agerian uzten dituztela ELAren eta Gobernuaren arteko aldea.
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, sinesgarritasun arazo bat duela azaldu du ELAk, industria politikako plan estrategikoa azpikontratatu duelako sektore pribatuko enpresa batekin. Erabaki horrek inplikazio falta erakusten du, eta sektore publikoak politika industriala bezalako gai garrantzitsu bat zuzentzeari uko egitea.
ELAk 2.300 milioiko funts bat sortzeko proposamena helarazi dio Eusko Jaurlaritzari, industria ereduaren trantsizioari ekiteko. Halaber, BGAEek euskal industria sarean egiten dituzten inbertsioei buruz hitz egiteko duen prestasuna ere erakutsi dio. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du inolako interesik izan neurri horietan sakontzeko, eta horrek egiaztatzen du gaurko bileraren benetako asmoa ez datorrela bat Gobernuak iragarritakoarekin.
Eszenifikazioetatik at, ELAk industria eraldatzeko, euskal gizartearen zerbitzura jartzeko eta industriako langileen bizi baldintzak hobetzeko lan egiteko eta neurriak negoziatzeko prestutasuna berresten du.