SIDENOR
ELAk salatu du ABEEa soilik Azkoitiko plantan ari dela aplikatzen
Joan den martxoan, Sidenorrek Aldi Baterako Erregulazio Espedientea (ABEE) negoziatzeko mahaia eratu zuen Azkoitiko eta Reinosako (Kantabria) lantegietarako, baina langileen ordezkariek jakin dute Reinosako lantegian ez dela aplikatzen ari, eta Azkoitian, berriz, 312 pertsonari aplikatzen zaiela. ELAk salatu du ABEEa desproportzionala eta justifikaziorik gabea dela, eta siderurgia enpresak abenduan iraungiko den Gipuzkoako lantegiaren hitzarmenaren negoziazio kolektiboa baldintzatu nahi duela horrela. Azkoitian, ELAk 5 ordezkari ditu, eta LABek 3; beraz, gehiengo sindikala Reinosarenaren oso bestelakoa da. Hala ere, Kantabriako lantegia barne, enpresak lortu du CCOOk, UGTk eta USOk gehiengoa izatea negoziazio-mahaian. Enpresaren planteamenduak onartzeko prestasun handiagoa duen gehiengoa.
Gogoratu behar da Sidenor enpresak 25 milioi euro lortu dituela auditatutako azken kontuetan (2022), eta emaitza errekorra lortu duela. Era berean, 2023rako salmenten bolumenak eta eskariaren aurreikuspen onak haztea aurreikusi zuen enpresak. Enpresaren egoera ekonomikoak ez du justifikatzen ABEE bat, eta are gutxiago lan baldintzen okertzea. Langileen soldata nabarmen murriztu da, eta langileak lanera joatera behartzen ari da enpresa, ABEEa ezarri zaien arren.
ELAk lan eskubideak errespetatzeko eta hitzarmenaren negoziazioan xantaia eta mehatxuekin jokatzeari uzteko eskatu dio enpresari. ELAk lanean jarraituko du Sidenorreko Azkoitiko lantegiko lan-baldintzak duintzeko.