BIZKAIKO ERAIKUNTZA

ELAk salatu du patronalak ez duela erosahalmena bermatu nahi

2023/05/26
Bizkaiko eraikuntzako langileak pobretzen ari direla eta patronalak erosahalmena bermatuko luketen soldata igoerei uko egin diela salatu du ELAk, Bilbon, ASCOBI patronalaren aurrean egindako kontzentrazioan. Sindikatuak gogorarazi duenez, arazoa aspalditik dator. Izan ere, 2021ean, CCOOk eta UGTk ASCOBIrekin sinatu zuten hitzarmena, baina erosahalmena bermatzeko konpromisorik gabe. Hitzarmen hori 4 urteko indarraldiarekin sinatu zen, baina 2021erako eta 2022rako soilik adostu zen soldata igoera. ELArentzat ulertezina da azken bi urteetako inongo soldata igoerarik eduki ez izana. “Arduragabekeria da milaka pertsonari eragiten dien hitzarmen probintzial batean, CCOOk eta UGTk hain iraupen luzea adostea, soldata igoerak adostu gabe”, deitoratu du.

Sindikatuak gogorarazi du Bizkaiko eraikuntzan enpresek irabaziak metatu dituztela urteetan, baina sistematikoki urratzen dituztela lan baldintzak; ez dute hitzarmena aplikatzen, ezta lan legeria ere, baieztatu dute. Ez betetze horiek, batez ere, azpikontratetan lan egiten dutenei eragiten dietela ziurtatu dute (sektorearen zati handi bat), sektore horrek urteak baitaramatza lanaldia murriztu gabe.

Hori dela eta, ELAk mobilizazioei ekin die, patronalak eta hitzarmena sinatu duten sindikatuek Bizkaiko Eraikuntzan utzitako egoera iraultzeko.