ELAk uste du CEBEK, CCOO, LAB eta UGTren arteko akordioa ez dela nahikoa
ELAk uste du ez dela nahikoa CEBEK patronalak CCOO, LAB eta UGT sindikatuekin Bizkaiko kontserben sektorean lortutako aurreakordioa. Hitzarmena bost urtez egongo da indarrean (2025/29), eta urte horietan guztietan % 18,3ko igoera izango da. Adostutako soldata igoerek eutsi egingo diote generoko soldata arrakalari hitzarmenaren indarraldia amaitu arte. Gainera, 1.500 euroak ez dira lortuko 2028ko abendura arte, eta oinarrizko soldatari eta distantzia plusari aplikatuko zaizkie, gainerako soldata kontzeptuak kanpoan utzita.
Plataforma sindikal bateratuaren lehentasun nagusietako bat ABLEen eta kontratazio finko-etenaren erabilera erregularizatzea zen; hala ere, akordioak ez du hobekuntza garrantzitsurik aurreikusten gai horretan. Lizentziei dagokienez, ez da inolako hobekuntzarik aurreikusten sektorean lan egiten duten pertsona migratu ugarientzat.
Aurreakordioa uztailaren 29ko bileran eta hegaluzearen kanpainarekin bat zetozen lanuzteen erdian lortu zen. ELAk deitoratu du gainerako sindikatuek CEBEKekin akordioa sinatu izana, nahiz eta bilera horretan patronalak ez zuen lagapen handirik egin. "Patronalak bere helburua lortu du: mobilizazioekin amaitzea eta batasun sindikala haustea", adierazi du ELAk.
Kontserben sektoreko langileek lan baldintza eskasak dituzte. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2025ean hasi zen. Sektoreak bere egin zuen 1.500 euroko gutxieneko soldata berehala ezartzeko eskaera orokorra, eta hainbat greba egun egin ditu.
Akordioa nahikoa ez dela iritzita ere, CEBEK patronalak onartu behar izan dituen aurrerapenak mobilizazioaren eskutik etorri direla azpimarratu du ELAk. Lortutako lanaldi murrizketa eta lortutako aurrerapenak horren erakusle direla azpimarratu du.