ELAk Zamudioko Gestion y Matrices 3D enpresako kaleratze kolektiboa berehala bertan behera uztea exijitu du

2020/04/23
Langileek orain arte erakutsi duten antolaketarako gaitasuna ahultzeko neurria dela dio sindikatuak, kaleratutakoen artean enpresa-batzordeko hiru kide izatea kasualitatea ez dela argudiatuta.

Apirilaren 23an, Zamudioko Gestion y Matrices 3D enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariari jakinarazi zion kaleratze kolektiboa abiatuko zela enpresan; zehazki, 45 langileetatik 18ri kontratua etengo zitzaien. ELAk ziurtatu duenez, langileen antolakuntza eta borrokarako gaitasunarekin amaitzeko maniobra da hau, izan ere, ez da kasualitatea kaleratzeen artean enpresa batzordeko hiru kide egotea.

ELAk enpresaren erabakia "arbitrarioa, bidegabea eta inolako justifikaziorik gabekoa" dela salatu du. Hori dela eta, 18 familiari eragingo dien kaleratze kolektiboaren prozedura berehala kentzea eskatu du. Bestela, bere esku dituen baliabide sindikal eta juridikoak martxan jarriko dituela aurreratu du. "Ez dugu kaleratzerik onartuko", gaineratu du.