Gipuzkoako Zuraren Industria
ELAren ustez, berri ona da hitzarmen kolektiboko mahaia osatu izana

Izan ere, 2023ko uztailean mahaia osatzeko saiakera bat egin zen, baina ez zen lortu, patronalak adierazi baitzuen indarrean zegoela Estatuko hitzarmen bat eta "arazoak" sor zitezkeela. ELAk orduan ADEGIren argudio horiek salatu zituen, joan den uztailean adierazi zuen bezala, arazoa edukiena eta borondate falta zela argudiatuta. Gaurko bileran, ordea, patronalak onartu du beharrezkoa dela legezko esparru bat sortzea langileek beste sektore batzuetara ihes egin ez dezaten.
Azken probintzia hitzarmena 2001ekoa da, eta 2003an amaitu zen indarraldia; hain zuzen ere, 2003koa da azken soldata berrikuspena. ELAk deitoratu egin du ADEGIk duela 8 hilabete mahaia osatzeari uko egin izana, eta kexu da sektoreko langileak duela 20 urte baino gehiagoko lan baldintzekin jarraitzera zigortu dituelako.