ARCELOR MITTAL

Enpresak Euskal Herriko lantegiak baztertzen ditu

2023/04/04
ELA eta LAB sindikatuek martxoaren 31n utzi egin zuten Akordio Markoaren negoziazio mahaiaren bilera. Arcelor Mittaleko zuzendaritzak urteak daramatza Euskal Herriko lantegietan enplegua suntsitzen, eta bitartean ez da inbertsiorik egiten, ezta gutxieneko seriotasuna duten plan industrialak diseinatzen ere.

Gainera, estatuko esparruan egindako azken negoziazioetan, zuzendaritzak estatuko sindikatuekin bakarrik negoziatzen du. Enpresak Asturiasen ordezkaritza duten UGT, USO eta CCOOekin biltzen da, eta Asturiaseko arazoak ditu soilik aztegai.

Azken bileretan, atsedenaldien artean igarotzen da denbora gehiena, eta Euskal Herriko gehiengo sindikala baztertu egiten dute Asturiasko ordezkariekin negoziatzeko. Joan den ostiralean, eta orduak zain egon ondoren, bi sindikatuetako ordezkariek negoziazioa uztea erabaki zuten, protesta gisa.

Arcelor Mittaleko zuzendaritzari bere jarrera erabat aldatzeko exijitzen diogu. Gure herriko lantegien enplegua, inbertsioak eta etorkizuna bermatzeko ordua da; ez dugu inolako diskriminaziorik onartuko.