CAF TALDEA (BEASAIN)

ELAk eskatu du enpresako langile guztien baldintzak duintzea

2025/05/30
CAF Taldeko langile guztien baldintzak duintzeko eskatu du ELAk eta enpresak, bere filialetan ere, errespetuaren eta negoziazioaren kultura zentro bakoitzeko ordezkariekin zabaldu behar duela aldarrikatu du.

CAF Taldea asko hazi da azken urteotan. Enpresaren nazioarteko proiekzioak eta lan kargen eta eskaeren hazkundeak lanpostu asko sortu ditu Euskal Herrian. Enplegua sortzea albiste ona da, baina hazkunde horrek desberdintasun handiak sortu ditu CAF Taldearentzat lan egiten duten pertsonen artean.

Alde batetik, historikoki sindikalizatuta dauden eta hitzarmen kolektibo propioak dituzten Beasaingo eta Irungo lantegiak daude. Aitzitik, taldean enpleguaren hazkunde nagusia CAFen % 100ekoak diren baina lan baldintza nabarmen okerragoak dituzten filialetan gertatzen ari da.

Filial horiek onura handiak ekartzen dizkiote taldeari, baina langileek eragozpen gehien izaten dituzte sortzen duten onuraren araberako lan-baldintzak negoziatu ahal izateko.

Horietako askok, ez dute Gipuzkoako metalaren hitzarmenak ematen duen oinarririk ere, eta kasu batzuetan Estatuko hitzarmen kolektiboak aplikatzen dira. Errealitate horrek eta langileak antolatzea eragozten saiatzen ari den CAFeko zuzendaritzaren jarrerak ezinegon handia sortzen ari da.

Egoera horren azken adibide gisa, CAF Powerren gertatzen ari dena da. Langileak deitutako mobilizazioekin eta grebekin bat egiten ari dira, eta zuzendaritzak lan-baldintzak aldebakarrez inposatzen jarraitu nahi du.

Hori dela eta, ELAk CAF Taldeko langile guztien baldintzak duintzeko eskatu du. Enpresak, bere filialetan ere, errespetuaren eta negoziazioaren kultura zabaldu behar du zentro bakoitzeko ordezkariekin.