Tubacexeko hiru lantegietan kaleratzeen aurka deitutako lanuzteak erabateko jarraipena izan du

2021/02/11
ELA-Tubacexek oso positibotzat jo du batzorde osoak gaur Aiarako eskualdean (Araba) hiru lantegietan deitutako 24 orduko lanuztearen jarraipena, zuzendaritzak iragarritako 150 langileren kaleratzeak arbuiatzeko. Lanuzteak otsailaren 11 eta 12rako deitu ditu batzordeak. Lanuzte egunari amaiera emateko, manifestazioa egingo dute gaur 18:00etan Tubacex-Laudiotik abiatuta, Herriko Plazan amaitu arte.

Tubacex taldeko zuzendaritzak lantaldearen ordezkariei jakinarazi die Laudioko eta Amurrioko lantegietan kaleratzeak eta murrizketak aurrera eramateko asmoa duela. ELAk ohartarazi nahi du burtsan kotizatzen duen euskal multinazional honek azken urteetan milioika euroko etekinak pilatu dituela. "Kezkatzekoa da zuzendaritzak COVID-19aren osasun krisia baliatu nahi izatea era guztietako murrizketak egiteko, enpleguari zein lan baldintzei dagokienez", kexu da sindikatua.