INDUSTRIA KIMIKOA
Estatu mailako hitzarmen berri bat adostu du CCOOk

CCOOk, FEIQUE patronalarekin batera, kimikako estatuko hitzarmen berri bat adostu berri du urriaren 9an. Azpimarratzekoa da hitzarmena sinatu dela langileak protagonista izan gabe eta patronalarekin inolako konfrontaziorik sortu gabe. Adostutako testuak sakon aztertzeko zain, ELAren eduki nagusien lehen balorazioa honakoa da:
- Akordioak 2024-25-26 indarraldia du, eta soldata igoerak % 3koak dira urte bakoitzeko.
- KPIa hitzarmenaren indarraldia amaitzean adostutako zenbatekoa baino handiagoa bada soldata ehuneko horretan igoko dela bermatzen zuen klausula ezabatu da.
- Indarraldia amaitzean, urteko lanaldia 1.744 ordukoa izango da, eta 8 ordu murriztuko da soilik.
ELAren ustez, akordioak patronalaren interesei bakarrik erantzuten die. Negoziazioa hasi zenetik FEIQUEren helburua zen soldata bermearen klausula ezabatze lortu da. Lan jardunaldiak oso zabala izaten jarraitzen du, eta ez dio erantzuten Euskal Herriko lan errealitateari, industriako lanaldiak nabarmen baxuagoak baitira.
Euskal Herriko errealitateari erantzungo dioten hitzarmen sektorialak negoziatzeko lanean jarraituko du ELAk, horretarako prest dauden sindikatuekin. Hitzarmen probintzialak eta/edo autonomikoak negoziatzea eragozten duten testuak mantentzen badira Estatuko hitzarmenaren artikuluetan, ELAk hitzarmenaren aurka joko duela ohartarazten du.