FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak uko egiten dio sektorean sortzen den aberastasuna banatzeari

2018/10/08
Urriaren 8an Bizkaiko Metalgintzako negoziazio-mahaiaren hamabigarren bilera izan da. Bertan FVEM patronalak lehengoari eutsio dio: ez du inolako edukirik proposatzen. ELAk, bere aldetik, bere plataformako puntu nagusienak berretsi ditu.

Sindikatuen aldetik Bizkaiko Hitzarmenean Berdintasun Planak derrigor sartzeko klausula ezartzea proposatu denean, patronalak honakoa adierazi du: “berdintasun planetarako aurreikuspen legala dagoeneko jorratzen ari da estatuko lan-hitzarmenaren negoziazioan”. Agerikoa da Metalgintzako hitzarmen estatalaren mehatxua benetakoa dela. Horregatik, ELAk kargu hartu die CCOOi eta UGTri negoziazio kolektiboa estatalizatzearen alde daudelako, eta gogorarazi die ez dutela sinatu nahi izan negoziazio mahaiaren adierazpen bat zeinaren arabera hitza ematen duten Hitzarmen estatala ez dela Bizkaian aplikatuko.

Azkenik, ELAk nabarmendu nahi du azken asteetan Bizkaiko metalgintzako hainbat enpresatan akordio onak lortzen ari dela; horiei esker hobekuntza handiak ari dira iristen, baita lan erreformen aurkako klausulak ere.