Galdakaoko Coca-Colako grebak produkzioa eten du

2022/06/28
Galdakaoko Coca-Cola lantegiko bigarren greba-egunak erabat gelditu du fabrikaren ekoizpena. Ekainaren 14an eta 16an egindako bi orduko lanuzteen eta 21eko grebaren ondoren, gaur, ekainak 28, bigarren greba eguna izan dute langileek.

ELAk eta LABek, grebara deitu dutenek -batzordea osatzen dute ELAko 8 kidek, UGTko 4k eta LABeko 1ek-, enpresaren negoziatzeko borondaterik eza salatu dute. Izan ere, Coca-Colak %2,5eko soldata-igoera proposatu du 2021erako; %2,5ekoa 2022rako; eta %2koa 2023rako; hori guztia KPIa %9tik gertu dagoenean (2021ean %6,4koa izan zen).

Gainera, enpresak malgutasuna handitu nahi du, langileen kontziliazioaren kaltetan. Izan ere, langileek enpresaren esanetara egon behar dute une oro. "Hori onartezina da. Enpresak langileak pobretu nahi ditu eta bizitza pertsonala izateko eskubidea ukatu nahi die", dio ELAk.

Coca-Colak salmenta bikainak eta mozkin oso handiak lortu zituen 2021ean.