Gipuzkoako Aldundiak ez du subrogazio eskubidea bermatzen errepideetako langileentzat

2018/01/22
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegi Foru Sozietatearen bitartez, AP-1 eta AP-8 autopistak eta GI-20 eta GI-632 errepideak kudeatu, zaindu eta mantentzeko baldintzen plegua argitaratu du. Bertan, subrogazio eskudidea ez da bermatzen, hau da, gaur egun lan hauek betetzen dituzten langileek lanean jarraitu eta beraien lan baldintzak mantenduko dituztenaren bermea falta da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Batzar Nagusiak subrogazioari buruz agindutakoari muzin egiten dio. Halaber, bere barne arauetan ezarritakoa ere ez du betetzen. Bertan, araututako subrogazioa klausula administratiboetan espreski eta hitzez hitz jasoko dela ezartzen da.

Hau guztia nahikoa ez balitz, Gipuzkoako Foru Aldundiak langileen bigarren zerrenda bat argitaratu du, non gaur egun Bidelan enpresaren bitartez lan hauek betetzen dituzten hainbat langile desagertarazi dituen.

ELA sindikatuak Foru Aldundiak berehala plegua aldatu eta bide batez gaur egun AP-1, AP-8, GI-20 eta GI-632 errepideetan kudeatze, zaintza eta mantentze lanak betetzen dituzten langileak bertan izatea exijitzen du.