Gipuzkoako Arte Grafikoen alorrean zortzi eguneko greba deialdia egin dute ELA, LAB eta UGTk

2019/06/18
ELA, LAB eta UGTren iritziz urte zailak igaro ondoren, sektorearen egoera ona da, lan-zama handia da, eta hortaz, hitzarmen honetan soldatetatik haratago doazen gaiei ekin behar zaie, arlo sozialak ere jaso behar dira. Aldiz, Adegi patronala KPIren soldata-eguneratze hutsa eskaintzera mugatu da.

Sindikatuen agiria:

Sektoreko patronal bakoitzak duen ordezkaritzaren harira desadostasunak sortu zirela eta, Arte Grafikoetako hitzarmena negoziatuko duen mahaia bi hilabetez eratu nahian aritu zen. Hiru hilabete gehiagoz bildu behar izan dugu negoziazio mahaian eta Adegi patronala ez da ezertxo ere mugitu. Nahiz eta behin eta berriz eskatu dugun sindikatuen plataformari erantzun behar zitzaiola, gure eskakizun guztiak arbuiatu dituzte, legeari edota jurisprudentziari egin egokitzapen hutsak direnak ere. KPIren soldata-eguneratze hutsa eskaintzera mugatu dira.

Urte zailak igaro ondoren, sektorearen egoera ona da, lan-zama handia da, eta hortaz, hitzarmen honetan soldatetatik haratago doazen gaiei ekin behar zaie, arlo sozialak ere jaso behar dira.

Hitzarmen honetan jaso behar diren neurrietako batzuk honakoak dira: soldata igoera duinak; baimenen hobekuntza; gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eraginkorra izan dadin neurriak; lan osasuna bermatzeko neurriak; enplegua kalitatekoa izan dadin neurriak; langileen batez besteko adina gaztetzea; errelebo kontratua; hitzarmenak lehentasuna izan dezala ezartzeko garaian...

Horrengatik guztiarengatik, egiazko negoziazioa eskatzeko eta hitzarmenaren alde eginez, LAB, ELA eta UGTk deitu eta erregistratu ditugu 8 egunetako lanuztea sektorean. Lanuzteak egitera deitu diren egunak dira:

  • Ekainaren 26 eta 27 eta uztailaren 3 eta 4.

  • Irailaren 25 eta 26 eta urriaren 2 eta 3.

Langileek honezkero eman dute grebaren aldeko botoa hainbat eta hainbat lantokitan. Langileek honezkero ozen eta garbi adierazi dute egiazko negoziazioa, akordio duin eta zuzena nahi dutela.

Hilak 20 izango dituenean, Adegik aukera berria izango du egoera konpontzeko negoziazio mahaian egingo den hurrengo bileran. Haien esku bakarrik dago sektorea norgehiagokara behartua egon ez dadin.

Azkenik, sektoreko langile guztiak deitzen ditugu grebarekin bat egin dezaten eta parte har dezaten antolatu diren mobilizazio guztietan. Denon artean lortuko dugu.