Gipuzkoako Eraikuntzako eta Herrilanetako Lan Hitzarmenaren mahai iraunkorra osatzera deitu du ELAk

2018/02/27
Higiezinen burbuila lehertu zenetik eraikuntzako egoera prekarietatetik esplotazio gordinera pasa da. Gipuzkoan Eraikuntzako lan hitzarmen probintziala indarrean dago iraunaldi mugagabea duelako. Halere, sektoreko patronalaren jarrera itxia medio, soldata-taulak 2009koak dira. ELAk erabaki du Gipuzkoako Eraikuntzako eta Herrilanetako Lan Hitzarmenaren mahai iraunkorra deitzea.

Urte hauetan sektoreko langileak oso baldintza txarrak pairatzen ari dira. Hitzarmenaren eta soldata-taulen urraketa sistematikoa eta ilegala izanik, egundoko lan sindikala egitera behartuta egon gara, hitzartutakoa aplikatuko dela bermatzeko: Foru arauek, Herritar Legegintza Ekimenak, eta, batez ere, obra bakoitzean jendeak beldurra galdu eta honelako egoerak sala ditzan etengabe egindako lanak bete du gure eguneroko agenda. Lan hitzarmena betearazteko lana betidanik izan da, eta izango da, ELAren ikurra. Denbora honetan gure ordezkariza %60raino hazi da.

Gaur sektorearen egoera aldatu egin da: Azken hamarraldiko lan gehienak oraintxe ari da egiten. Lurraldeko obrarik garrantzitsuenak besterik ez aipatzearren, hortxe ditugu, besteak beste, Deskargako errei bikoitza; Anoetako futbol zelaia; Erraustegia; AHT; Txomin Enea...

Beraz, gauzak bere onera etortzen ari dira, baina ELAk ez du onartuko hitzarmena urratzea edota 2009ko soldata-taulekin lan egitea. Horregatik, Gipuzkoako Eraikuntzako eta Herrilanetako Lan Hitzarmenaren mahai iraunkorra deitzea erabaki dugu.

Badakigu patronalak ez daukala hitzarmena berritzeko gogorik, eta hori lortzeko borroka beharrezko izango dela. Noski, ugazaben jarrera aldatzeko argi dago soilik bide bat dagoela, langile-klaseak erabaki dezakeen bitartekorik gogorrena erabiltzea: greba.

ELA prest dago Hitzarmen Probintzial berri baterantz daraman bidea urratzen hasteko, betiere, helburua izanik lan baldintza duinak lortzea eta aplikazioa hobeto bermatzea.