Gipuzkoako Neguko Bidezaintza Plana prekarioa, arriskutsua eta iruzurrezkoa da

2018/01/15
ELAk Neguko Bidezaintza Planean ezarritakoa xehetasunez ezagutze aldera, bilera eskatuko dio berriz Gipuzkoako Foru Aldundiari. ELA sindikatuak ez du murrizketa gehiagorik onartuko, bizitza delako jokoan dagoena. "Ez dugu besterik eskatzen jarraibide teknikoen orrietan, dagokion hitzarmenean eta bide-segurtasuneko eta lan-osasuneko arauetan ezarrita dagoena betetzea baino".

Neguko Bidezaintza Planaren alerta-egoera bakoitzari aurre egiteko behar diren baliabide materialak zein diren jakiteaz gain, ELAn ezaugutu nahi duguna da, ez baitugu ezagutzen, zein giza bitarteko behar diren ekipamenduak erabiltzeko. Eta hori esateko arrazoirik ez dugu faltan, ez baitago behar adina jenderik alerta bakoitzean erabili behar diren ekipamenduak erabiltzeko. Eta giza bitartekorik gabe, Neguko Bidezaintza Plana erabateko porrota da, hortik ezin da besterik espero prekarietatea, istripuak eta iruzurra baino.

Ez dago langile nahikorik horrelako gertaerak behar bezala eta eraginkortasunez bideratzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak badu horren berri. ELAren aldetik dokumentazioa aurkeztuz frogatu izan dugu urteetan langileen eskasia, prekarietatea eta antzemandako irregulartasunak; baina gaur arte ez dugu erantzunik jaso. Eta mantenimendu-lanak egiten dituzten segurtasuna zaindu barik ezin da ziurtatu erabiltzaileen segurtasuna.

Horregatik, aurten, estraineko aldiz, Gipuzkoako Aldundiak ez du aurkeztu Neguko Bidezaintza Plana hedabideen aurrean. Aldundiak ez du sinesgarritasunik, ELAk hainbatetan frogatu eta salatu duena salatu ondoren. Nahiago izan dute eguraldi onaren zain geratzea, menturazkoa izan arren, ELAk salatutako egoera latzari aurre egitea baino. Eta bistan da gertatzen ari dena.

 

NEGUKO BIDEZAINTZA PLANA

2014-2015

2015-2016

2016-2017

2017-2018

AURREKONTUA (milioika €tan)

2,5 m. €

2,5 m. €

2,5 m. €

2,5 m. €

ELURRA KENTZEKO KAMIOIAK

78

78

80

80

IBILGAILU ARINAK

14

15

12

12

LANGILEEN KOP. GUZTIRA*

322

322

180

150?

* Langile-kopurua guztira (elur-kamioietako gidariak, ibilgailu arinetako gidariak, garabilariak, kontrol-guneko pertsonala, arduradunak, zaintza-taldeak...)

Ezin da beste aldera begiratu, herritarrak eta errepideak zaintzeko langileak arriskuan jartzen den bitartean, eta Neguko Bidezaintza Planaren barruko lanak modu prekarioan, legez kanpokoan eta iruzurrezkoan egiten diren bitartean.

Horregatik, ELAk Neguko Bidezaintza Planean ezarritakoa xehetasunez ezagutze aldera bilera eskatuko dio berriz Gipuzkoako Foru Aldundiari. ELA sindikatuak ez du murrizketa gehiagorik onartuko, biziak arriskuan daudelako. Ez dugu besterik eskatzen jarraibide teknikoen orrietan, dagokion hitzarmenean eta bide-segurtasuneko eta lan-osasuneko arauetan ezarrita dagoena betetzea baino.