Gipuzkoako Papergintza alorreko grebaren jarraipena %90koa izan da

2019/06/19
16 greba egun deitu dituzte ELA, LAB eta CCOOek Gipuzkoako Papergintzan lan hitzarmenaren alde. Lehenengo lanuzteak %90ko jarraipena izan duela jakinarazi dute sindikatuek. Ekainaren 20rako beste greba egun bat deitu dute.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek aldaketa berriak jarri zituzten mahai gainean ekainaren 17an ospatutako bileran: besteak beste, soldata igoeraren eskaera %0,6 jaitsi dute IPC+%2ra arte, beti ere, akordio batera heltzeko asmoz.

Mugimendu honek, ordea, ez zuen inolako eraginik izan patronalarengan eta jarrera berarekin jarraitu du. Ez dute ezer berririk eskaini. Ez dute eduki garrantzitsuen inguruan hitz egin nahi izan eta ez dute soldata igoeratan inolako proposamen berririk egin, oraindik ere sektoreak bizi duen momentutik oso urrun dagoen eskaintza bati helduz.

Sektoreko langileek sortutako aberastasuna banatu eta eskubideetan aurrerapausoak emango dituen hitzarmena eskatzen dute sindikatuek. "Gipuzkoako papergintzak bizi duen egoera oso ona da eta horren islada den negoziaketa bat nahi dugu. Soldata igoera garrantzitsuak, lanpostu berriak, lan erreformen aurkako blindajeak, diskriminazioen desagertzea eta lan baldintzak hobetzen dituzten baina inolako kostu ekonomikorik suposatzen ez duten neurrien alde egiten dugu".