ENPLEGUA
Glavista, Mecaner eta Microdecoko langileak Bilbon manifestatu dira lanpostuen defentsan

Glavista Laudioko enpresa bat da (200 langile baino gehiago) eta hilabete asko daramatza lan kargarik gabe eta hartzekodunen konkurtsoan, putre funts batek enpresa deskapitalizatu eta suntsitu duelako. Guardian, operazio honen arduradun nagusia, beste industria proiektu bat gauzatzeko aukera blokeatzen ari da gaur egun.
Mecaner Urdulizko enpresa bat da (150 langile). Irailean, automobilgintzan aritzen den Stellantis multinazionalak jakinarazi zuen sei hilabeteren buruan itxiko zuela Eskumaldeko lantegia. Multinazional batek egindako deslokalizazio baten aurrean gaude, milioi askoko irabaziak biltzen dituena.
Azkenik, Microdeco Ermuko enpresa bat da (88 langile ditu gaur egun, eta 160 zituen aurretik), azken 2 urte eta erdian konkurtsoan dagoena. Enpresa honen krisi egoeraren jatorria kudeaketa negargarria da, lehenik enpresaren zuzendaritzarena, eta, ondoren, zuzendaritzak berak kontratatutako aholkulariena. Duela egun gutxi 33 langileren kaleratzea jakinarazi zen, eta langileek greba mugagabean daude martxoaren 14tik.
Hiru kasuetan, plantillekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, enpresen eta ehunka langileren etorkizuna oso konprometituta dago. Hiru adibide horiek agerian uzten dute ELAk askotan salatu duena: Eusko Jaurlaritzaren gelditasuna eta eraginkortasunik eza, ez baita inoiz kritiko agertzen enpresa-zuzendaritzekin. Politika industrial zorrotza behar dugu zuzendaritzekin, propagandatik ihes egin eta konponbideak ekarriko dituena.