GLAVISTA

Glavistako kapitalean sartzea proposatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, orain arte inbertitutako 2,5 milioiak defendatzeko

2023/11/14
Laudioko enpresak (200 langile) inbertitzaile berriaren eta Guardianen arteko akordioa behar du Merkataritza Epaitegiak onartutako bideragarritasun plana garatzeko. ELAk Glavistaren kapitalean sartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, kontrol publikoa izateko eta enpresa horrek orain arte jasotako 2,5 milioiko dirulaguntzak defendatzeko.

Glavistako enpresa batzordea (7 ELA, 1 LAB) eta bi sindikatuetako kideak Eusko Jaurlaritzarekin bildu ziren azaroaren 2an. Bilera horretan ELAk txosten bat aurkeztu zuen, 200 langile inguru dituen Laudioko enpresa berriz abiarazteko neurriekin. Bada, ELAk Glavistaren kapitalean sartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, kontrol publikoa izateko eta enpresa horrek orain arte jasotako 2,5 milioiko dirulaguntzak defendatzeko.

Nolanahi ere, Glavista bideragarria izan dadin, ezinbestekoa da multinazional horren eta proiektuan inbertitzeko prest dagoen enpresaren (Newco Anime Opco) arteko akordioa lortzea. Ildo horretan, beste neurri garrantzitsu bat da fabrika kokatuta dagoen lurrak eta instalazioak desjabetzea, gaur egun Guardianenak baitira.

Glavistarako diseinatutako bideragarritasun planak konkurtso administrazioaren eta enpresaren espedientea esleitu zaion merkataritza arloko epaitegiaren oniritzia jasoa du. Enpresaren bideragarritasuna erakusten duen funtsezko datua da, eta eragile guztiak behartzen ditu, Eusko Jaurlaritzatik hasita, erakutsi den irtenbide errealista batekin konprometitzera.