Gipuzkoako eraikuntzan greba egiteko aukera badagoela ikusita, Adegik bere burua behartuta ikusi du proposamen bat zehaztera

2018/05/16
Gipuzkoako eraikuntzako lan-hitzarmena negoziatzen duen mahaia sei aldiz bildu behar izan da azkenean Askongi-Adegik proposamen konkretu bat ekar zezan. ELAk nabarmendu nahi du hitzarmen berriak gutxieneko edukiak izan behar dituela Gipuzkoako eraikuntzako langileei baldintza duinak bermatzeko. Puntu honi eutsiko dio mahaiaren hurrengo bileran, maiatzaren 22rako deituta dagoenean.

 

Soldatei dagokienez, patronalaren proposamena ez da nahikoa, ez baitu aukerarik ematen azken urteotan galdu den eros-ahalmen guztia berreskuratzeko. Gogoratu beharra dago hoberenera jota ere sektoreko langileen soldatak 2009tik hona izoztuta mantendu direla.

Lan erreformaren aurkako blindajeaz, berriz, enpresariek onartzen dute hitzarmena ez aplikatzeko beharrezkoa izango dela langileekiko akordioa, eta hitzarmenaren iraunaldia bukatzen denean lan baldintzak mantenduko direla.

Aitzitik, ez dago aurrerapausorik lan hitzarmenaren aplikazioa bermatzeari dagokionez. Azken urtetan lan gogorra egin dugu sektorean nagusi den esplotazioari aurre egiteko, eta borroka horren ardatza izan da hitzarmenaren defentsa, baita aplikatzen dela ziurtatzea ere. Zertarako behar da hitzarmen bat, aplika dadin berme konkreturik ez badago?

Hain zuzen ere, gaur bertan Eusko Legebiltzarrean ELAren agerraldia izango da arazo horren adibideetako bat salatzeko: Anoetako estadioa berregituratzeko lanean baldintza prekarioak eta iruzurrezkoak ezarri dira, 2007-2009 hitzarmenean jasota zeuden baldintzen oso azpitik.

Horregatik, nabarmendu nahi dugu hitzarmen berriak gutxieneko edukiak izan behar dituela Gipuzkoako eraikuntzako langileei baldintza duinak bermatzeko. Puntu honi eutsiko diogu mahaiaren hurrengo bileran, maiatzaren 22rako deituta dagoenean.

Horrenbestez, orain arte esandakoa berresten dugu: maiatzean akordiorik iristen ez bada greba izango da, patronalaren jarrera mugiarazteko bide bakarra baita.