Greba egun gehiago Gipuzkoako zahar-etxeetan

Beste behin Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egin dute elkarretaratzea langileek. "Aldundiak du gatazka hau konpontzeko eskumena eta gaur egun arte arduragabekeria osoz jokatzen ari da. Aurreko astekoa adibide argiena da, Eusko Jaurlaritzak deituriko bilera batetara, patronalak eta sindikatuak agertu eta Aldundia espreski deitua zegoena ez zen agertu", adierazi dute.
Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu dute. “Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”.
Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. 2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, egoera hankaz gora dago.