Greba mugagabea deitu dute Usurbilgo Ingemar-eko erregulazio-espedientearen aurka

2019/03/15
ELAren ustez erregulazio-espedientearen helburu bakarra Usurbilgo langile guztiak kaleratzea eta lantegia ixtea da. Baina lantegi horrek oso aktibo desiragarriak dituenez zuzendaritzak gatazka uxatu nahi du Usurbildik, Estatuko gainerako lantegiak erabiliz, kaleratzeak errazteko, eta gatazka Gipuzkoatik urruntzeko.

Langileen oharra:

INGEMAR, S.A. (Usurbil) eta INGEMARGA, S.A. (Lugo) GRUPO INGEMAR, S.A.ren barruan zeuden, baina 2018. urte amaieran bategite prozesu batean murgildu ziren, eta hortik GRUPO INGEMAR, S.L. atera zen. Bide batez, enpresaren egoitza Gipuzkoatik Galiziara eraman zuten. Zuzendaritza berriak, 2009. urtetik aurrera, berregituratzeari ekin zion, eta apurka-apurka, INGEMAR, S.A. (Usurbil) lantegia deskapitalizatuz joan da, ekoizpena deslokalizatuz eta langileak kaleratuz.

Halaber, 2017. urte hasieran Zuzendaritza zaharrak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen, eta hortik hartzekodunen ituna atera zen 2017ko azaroan. Gero, 2018an taldearen aktibo guztiak bategitea proposatu zen, eta 2019ko urtarrilean Usurbilgo lantegirako bideragarritasun-plan bat aurkeztu zen. Aipatu beharrekoa da taldearen aktiboak, bategitearen aurretik, 48 milioi eurotan balioetsita zeudela; eta bategitearen ondotik 24 milioi eurotan.

GRUPO INGEMAR, S.L.ko Zuzendaritzak, 2017. urte erdialdetik gehienbat JUAN JOSE FERNANDEZ OREJASen ardurapean dagoenak, zera proposatu du: "azkentze-EEE bat 47 langilerentzat; horietatik 31 Usurbilgoak dira, 6 Lugokoak, eta 10 Espainiako Estatuan sakabanaturik dauden 5 biltegietakoak".

JUAN JOSE FERNANDEZ OREJASek, GRUPO HEDISAko akziodun nagusia izanik, MAPURITE, S.L. pantaila-sozietatearen bitartez, 300.000 €-ko kapital-gehikuntza egin zuen 2017ko martxoan "anonimatotik", zeren GRUPO INGEMAR, S.L. zuzeneko lehiakideak baitira GRUPO HEDISAko bezero nagusiekiko, GRUPO INGEMAR, S.L.ren jabetza eta kontrola eskuratzeko lehian.

Gogoratu beharrekoa da talde horrek, hartzekodunen konkurtsotik atera zenean, hartzekodunen itun bat sinatu zuela, eta hemendik hilabete gutxi batzutara sinaturiko zorrari aurre egin beharko diola. Hori horrela, hartzekodunek beren buruari egin beharko lioketen galdera zera da: Nola egingo diote aurre zorrari, balio erantsirik handieneko produktua egiten duen lantegia ixten badute?