Greba mugagabea hasi dute Andoain eta Anoetako Orbelan Plásticos enpresan

2022/03/22
Andoain eta Anoetako Orbelan Plásticos enpresako langileek -CIE Automotive euskal multinazionaleko industria kimikoko enpresa- greba mugagabea hasi dute gaur, martxoak 22, euren lan baldintzak hobetzeko.

150 bat langile dira, gehienak emakumeak (%60), eta 2022 eta 2023rako enpresa hitzarmena negoziatzen ari dira. Langileen aldarrikapen nagusien artean -bederatzi ordezkari dituzte (ELAko zazpi eta UGTko bi)-, KPIaren gainetik dauden soldata igoerak, gaueko lanaren plusen hobekuntzak eta txanda kontratua daude, besteak beste.

Enpresak, bestalde, KPIa eskaintzen du, baina hortik aurrera ordainsari ez finkagarria eta antzinatasun-plusa eta baja-osagarrietan atzerapausoak.

Gogoratu behar da 2021ean CIEk hiru mila milioi euro fakturatu zituela, 270 milioi euroko irabazi gordina izan zuela eta 64 milioi banatu zituela dibidenduetan.