ALDETU SA (LEMOA)
Greba mugagabean jarraitzen dute langileek, kaleratzeen aurka

Uztailaren 8tik greba mugagabean dauden langileek elkarretaratzea egin dute gaur, uztailak 18, Bilbon, Aldetu SAko kudeatzaileen bulegoen aurrean, enplegu-erregulazioko espedientea salatuz.
Uztailaren 14an hasi zen kontsulta-aldia Aldetun. Enpresa konkurtsoan dago, eta enpresako 48 langileetatik 28 kaleratzeko asmoa du. ELAk eta LABek deitutako grebaren helburua da enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztea, eta benetako bideragarritasuna duen plan industrial bat negoziatzea, enplegua bermatzeko eta lan-baldintzak errespetatzeko.
28 langile kaleratzeko enplegu-erregulazioko espedienteak Cikautxo S, Coop (Mondragon Korporazioa) enpresaren eskaintza du oinarri, Aldetu erosteko. Hala ere, kooperatibak ez du kaleratze horien zergatiaren justifikaziorik aurkeztu, ezta industria-planik ere. Plantillako ordezkariekin ere ez da bildu nahi izan, nahiz eta ELAk eta LABek hala eskatu duten.