Hamar kontratu azkendu dira Zaragozara nahitaez joan beharrik ez izateko
Ekainaren 30ean, Novaltia farmazia kooperatibak gutun bidez jakinarazi zien 11 langileri uztailaren 31tik aurrera Zaragozara eramango zituztela. ELAk adierazi zuen erabaki hori jazarpen sindikala zela. Izan ere, nahitaezko lekualdaketak eragindako hamaika pertsonek greba egin zuten hiru urtez, eta Novaltia Bizkaiako langile guztien lan baldintzak hobetu zituen akordio batekin amaitu zen, grebalariak ez zirenak barne.
ELAk, orduan, demanda bat jarri zuen Bilboko Lan Arloko Epaitegian lekualdatzearen aurka, eta lekualdaketak saihesteko kautelazko neurriak eskatu zituen. Bertan, oinarrizko eskubideen urraketa, jazarpen sindikala eta zaintza eskubidearen aurkako erasoa alegatu zituen, 11 pertsona horietatik 7k beren ardurapean pertsonak dituztelako. Orain, enpresak bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina ordaindu behar izan du, gehi 9.000 euro langile bakoitzarentzako kalte eta galera gisa.
Uztailaren 22an (Zaragozara joan baino bederatzi egun lehenago), 11 langiletik 10ek enpresak egindako kalte-ordainen proposamen bat onartu zuten. Langile batek Zaratamon duen lanpostua defendatzen jarraitzea erabaki du. Lekualdaketaren aurkako epaiketa irailaren 11n izango da.
ELAk salatu du Novaltiaren helburua, hasieratik, langile guztien lan baldintzak hobetu zituzten pertsonak kaleratzea zela. Sindikatuak salatu du helburua ez dela inoiz izan Zaragozako zentrora lanera joatea. "Beste behin ere, Rajoyren erreformak ezarritako mugikortasun geografikoaren prozeduraz baliatu dira enpresak; izan ere, horri esker, enpresek xantaia egin diezaiekete langileei, eta, kasu gehienetan, kontratua deuseztatzera behartu", salatu du.
Era berean, ELAk adierazi du gobernuek eta horiei eusten dieten gehiengoek erreforma horri eusten diotela gaur egun.