BIZKAIKO KONTSERBAK ETA GAZITUAK

Hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioa hasi da

2025/02/19
Bizkaiko kontserben hitzarmen berriak bilduko dituen lan baldintzak adosteko negoziazioa hasi da. ELAren ustez, ezinbestekoa da sektorearen prekaritateari aurre egitea, egun soldata baxuak, kontratazio prekarioak eta osasunerako arriskutsuak diren lan baldintzak dituztelako. Gauzak horrela, egoera horri buelta emateko neurrien alde egin du sindikatuak.

Hauek dira ELAren aldarrikapen nagusiak:

  • Erosahalmena bermatzen duten soldata-igoerak, beti ere, 1.400 euroko gutxieneko soldatik abiatuta.Soldata-arrakala ezabatzea.
  • Aldizkako langile finkoentzako benetako lan orduen bermeak eta ABLEetarako mugak.
  • Lanaldia nabarmen murriztea.
  • Txanda-kontratua.
  • Lana eta bizitza pertsonala bateratu ahal izateko lizentziak hobetzea.
  • Gaixotasun arruntagatiko bajen % 100eko osagarria.
  • Hitzarmena betetzeko bermeak.

Aldarrikapen guztiak LAB, CCOO eta UGT sindikatuei helarazi zaizkie. Era berean, ELAk bilera egitea proposatu die, hitzarmen honetan sartu beharreko gutxieneko edukiak elkarrekin adosteko. Hala ere, hiru sindikatuek goizegi deritzote eduki komunei buruz hitz egiteari, eta nahiago izan dute bilera atzeratzea.

ELAk bilera atzeratzea erabaki izana deitoratu du, eta gogorarazi du hitzarmena negoziatzeko ezinbestekoa dela sindikatuen artean ados jartzea, sindikatuetako batek ere ez baitu hitzarmena bere kabuz sinatzeko adina ordezkaritzarik.

Horregatik, ELA prest agertu da aliantzak egiteko, Bizkaiko kontserben sektorean lan baldintza onak bermatzeko.