KONTSERBA ETA GAZITUAK (BIZKAIA)

Hitzarmenaren mahaia eratu da

2025/01/28
Urtarrilaren 28an Bizkaiko arrain kontserben hitzarmenaren negoziazio-mahaia osatu da; ELAk ordezkaritzaren %34,62a du. Nabarmentzekoa da Negoziaketa Kolektibo honek duen zailtasuna; abiapuntua oso urrun dago ELAn lan bat duintzat definitzeko ezartzen duen gutxiengotik. Langileak aurreko hitzarmena sinatu aurretik baino urrunago daude minimo horietatik, gaur orduan baino pobreagoak baitira. Arrazoia: aurreko hitzarmen kolektiboak ez zuen KPIa ere ez berbatzen, eta horrek erosteko ahalmenaren galera eragin du. Hau izan zen ELAk hitzarmena ez sinatzeko arrazoietako bat.

Lan baldintzen eta ELAk gutxienekotzat hartzen duenaren artean dagoen urruntasunak erantzukizun handiagoarekin jokatzera behartzen gaitu. Era berean, azpimarratu beharra dago ez dela kasualitatea sektore prekario hau sektore feminizatua izatea. Beste behin ere aldarrikatu beharra dago Bizkaiko kontserba enpresetako langileek hitzarmen duina behar eta merezi dutela, aplikatuko deneko bermeekin, bizirautea baino, bizitzeko aukera emango duen soldata-igoerekin, sektorean dagoen prekarietatea eta soldata-arrakala ezabatuko dituena, eta garatzen den lan fisikoaren ondoriozko lanaldi murrizketekin.

Hurrengo bilerari begira, ELAk dagoeneko sektoreko langileekin partekatu du bere plataforma. Bertan ELAk sektorearentzat funtsezkotzat jotzen dituen aldarrikapenak jasotzen dira, negoziazioan bermatu nahi ditugunak.

Hitzarmen duin bat lortzeko erronkari aurre egiteko, ordea, ELAk uste du lehentasunezkoa dela beste sindikatuekin edukiak eta hauek Hitzarmen honetan bermatzeko konpromisoak adostea. Ezin dugu ahaztu ELAk sektorearen zati handi bat ordezkatzen badu ere, eduki duinekin konprometitua dagoen gehiengo sindikal bat beharrezkoa dela hauek negoziazioan bermatzeko.