Iberdrolak 1.000 euroko ordainsaria eman die enpresako langileei, horiek isilarazteko eta KPI ez bermatzeko

2022/12/15
Iberdrolak langile bakoitzari 1.000€ eman dizkio -zuzendaritzako kideen artean 200 milioi euroko bonusa banatu da-, kontsolidatu ezineko aparteko ordainsari gisa; enpresak dioenez, “egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko lagungarri” izango da. Hala ere, ELAk uste du ordainsaria estrategia hutsa dela, distrakzio maniobra bat, KPIa ez bermatzeko eta aberastasunaren bidezko banaketa ez egiteko.

Hala, enpresak, modu interesatuan, zenbait datu ezkutatu ditu:

  • Urteko lehen bederatzi hiletan Iberdrolaren etekinak %29 handitu dira eta 3.104 milioi euroraino iritsi.

  • Lantaldearen soldata izoztuta dago; 2021eko abenduan jasotzen zutena jasotzen dute langileek.

  • Langileen 2022ko soldata igoera gehienez %0,7koa izango da -izan liteke murritzagoa ere- eta ez da martxoa baino arinago aplikatuko.

  • Aitzitik, akziodunei ordaindutakoa %5,9 handitu da.

  • Gainera, goi zuzendaritzak bere buruari 200 milioi euroren bonus bat eman dio; lantalde guztiari emango zaion ordainsariaren kopurua, berriz, 8,5 milioi euro inguru izango da.

Azaroan Iberdrolako lantaldeak enpresaren hainbat zentrotan elkarretaratzeak egin zituen, eta 19an Bilboko kaleetan izandako manifestazioan soldata igoera egokiak galdegin zituen.

Orain, kontsolidatu ezin den aparteko paga hau iragarriz, Iberdrolak alde batera utzi nahi ditu langileen eskariak. Noiz eta enpresaren irabaziek markak hausten dituzten unean. Horregatik, ELAk mobilizazioei eutsi egingo die, soldata igoera KPIaren araberakoa izan, eta erosteko ahalmena benetan berma dadin; bidea ez da horrelako sariak ematea, lantaldea isilarazteko amarrua besterik ez da, Iberdrolak propaganda egiteko baliatu nahi badu ere.