Iberdrolako Atal Sindikalak ukatu du enpresaren zuzendaritzari babesa eman dionik

2019/12/06
Villarejo komisario ohiaren espioitza lanen inguruan Iberdrolako Atal Sindikalen ohar bateratu bat prentsan argitaratu dela eta, ELAko atal sindikalak "ukatu egiten du enpresaren `kupula´-ri babesa eman dionik. Gure eginbeharra zen Zuzendaritza interpelatzea akusazio horien inguruan. Ondoren langileei, barne-kanalen bidez, zuzendaritzaren iritzi eta balorazioaren berri eman nahi genien", baieztatu dute.

ELAko Atal Sindikalaren agiria:

  • Oharra, Iberdrolako atal sindikal guztiek sinatua, enpresako langileei zuzendutako barne komunikazio bat da. Ez dakigu hedabideetara nork filtratu duen. Edonola ere, filtrazio horrek ez dauka zerikusirik barne-oharraren xedearekin.

  • Iberdrolako ELAko atal sindikalak joan den urrian esan zuen enpresako zuzendaritzak erantzun eta baloratu egin behar zituela hedabide batzutan agertzen ari ziren akusazioak.

  • Atal sindikalok zuzendaritzarekin hainbat bilera egin dugu. Azkena, joan den abenduaren 3an. Aipatutako barne-ohar bateratuaren xedea zen langileei jakinaraztea Iberdrolako zuzendaritzak alderdi sindikalari esandakoa.

  • Hain zuzen, ELAko Atal Sindikalak ukatu egiten du enpresaren “kupula”ri babesa eman dionik. Gure eginbeharra zen Zuzendaritza interpelatzea akusazio horien inguruan. Ondoren langileei, barne-kanalen bidez, zuzendaritzaren iritzi eta balorazioaren berri eman nahi genien.

  • Azkenik, esan beharra dago Justiziari dagokiola akusazio horietatik erator daitezkeen erantzukizunak argitzea, halakorik balego.