Iberdrolako langileek zuzendaritzak USO, SIE eta ATYPE sindikatuekin sinatutako hitzarmenak murrizketak ekarriko dituela salatu dute, Bilbon

Iberdrolako ehunka langile mobilizatu dira berriro, Bilbon, Iberdrolako zuzendaritzak USO, SIE eta ATYPE sindikatuekin adostutako hitzarmenak ekarriko dituen murrizketak salatzeko. Gogorarazi dute, besteak beste, hitzarmen horrek murriztu egiten dituela langile erretiratuen eskubideak. "Onartezina da Iberdrolan bizitza osoan lan egin duten pertsonak modu horretan mespretxatzea", deitoratu dute. Bestalde, prekaritatean sakontzen dela esan dute, kontratazio berriekiko diskriminazioa areagotuz, aurreko hitzarmenetik pairatzen zuten egoera. Gogorarazi behar da ELAk bere garaian ere salatu zuela diskriminazio hura.
Sindikatuak azpimarratu duenez, nahiz eta 3.400 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan eta Ibex 35etik errentagarritasun onena duen enpresa izan, Iberdrolak 15.300 euro gordineko soldatak ezartzen dizkie langile kontratatu berriei; bitartean, Iberdrolako presidenteak 648 aldiz gehiago kobratzen du. "Benetan lotsagarria da", esan dute.
Gauzak horrela, ELAk azpimarratu du egungo, iraganeko eta etorkizuneko langile guztien eskubideak defendatzen jarraituko duela.