Jarraipen handia Bizkaiko Metalaren bigarren greba egunean

2019/06/06
Bizkaiko Metalgintzako grebaren jarraipena % 85 koa izan da. Bestalde, Milaka lagun bildu da Barakaldoko BEC aurrean: izan ere, enpresen goi bilera ospatzen ari da bertan. ELAren aburuz FVEM patronala harrotuta dago eta sektorean sortzen den aberastasuna oso-osorik poltsikoratu nahian jarraitzen duenez, erantzun irmoa eman diote langileek berriro ere.

Maiatzaren 23an esan genuen Bizkaiko Metal sektoreko FVEM patronalak negoziazio-mahaira benetako edukirik eramaten ez bazuen, eta sindikatuok maiatzaren 10ean aurkeztu genuen plataformari erantzunik ematen ez bazion, beharginok berriro irtengo ginela kalera.

Bada, Mahaiaren batzarra ekainaren 3an izan zen, eta FVEMek, jokabide arduragabea erakutsiz, plataforma sindikalari muzin egin zion eta eduki oso kaskarrak eskaini zituen; areago, duela sei hilabeteko eskaintzaren azpitik geratu zen.

Jarrera hau ikusita, greba handi batekin erantzun diogu. Matxinatu egin gara eta berriro aurre egin diogu patronalari.

Hain zuzen, ELAk dei egiten du, ekainak 7rako deituta dagoen hirugarren greba eguna Bizkaiko metalgileentzat berriz ere garrantzitsua izan dadin hitzarmen berri bat lortzeko, hiru helbururekin: sortzen dugun aberastasunaren banaketa justua, prekaritatearen aurkako borroka eta lan-baldintza duinak lortzea.