Jarraipen handia izan du Bizkaiko Metalean aste honetarako deitutako lehen greba egunak

2019/09/30
Bizkaiko Metalgintzako grebaren jarraipena % 85ekoa izan da. Bestalde, aurreko deialdietan bezala, jarraipena oso handia izan da eta berriz ere milaka eta milaka langilek (15.000) Bilboko kaleak bete dituzte ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, USO, CNT eta CGT sindikatuek deitutako manifestazioan. Abiatu aurretik, sindikatuetako ordezkariek Urkullu Lehendakariak Bizkaiko patronalaren alde egindako adierazpenak gaitzetsi dituzte. Bestalde, metaleko eta pentsionisten manifestazioek bat egin dute Bilboko Udaletxearen inguruan.

ELAko arduradun Mikel Etxebarriaren esanetan, sektoreko enpresen etekinak etengabe hazi dira, eta bitartean patronalak ez du egiten metalgintzaren egoeraren araberako eskaintzarik. “Krisi garaian galdutako eros-ahalmena berreskuratu nahi dugu”, baieztatu du.

Sindikatuen plataforma bateratuaren aldarrikapenak:

  • 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzerakinen ordaina.

  • Inolako kasutan ez dio langile batek enpresari itzuliko `aurrerapen gisa´ jasotako igoerarik, hauek hitzarmenean adostutakoa gaindituz gero.

  • Igoerak tauletan eta soldata errealetan ezarri behar dira sektorean lan egiten duten behargin guztientzat. Soldata eskaria: Hitzarmenaren iraupen urte bakoitzeko KPI+2 tauletan eta KPI+1 soldata errealetan.

  • Subrogazio eskubidea.

  • Lan erreformaren aurkako blindajea: Lan baldintzak ez aplikatzearen aurkako klausula eta ultraaktibitatea mugagabea.

  • 8 orduko lanaldi murrizketa.

  • Aldi baterako kontratuak eta ABLEek kontratatzeko aukera mugatzeko neurriak. Kontratuetan iruzur egiten duten enpresetan malgutasuna aplikatzeko mugak.

  • Sektorean genero berdintasuna areagotzeko neurri efektiboak.

  • Lan osasuna lehentasun izateko helburuan aurrerapausoak.

  • Hitzarmenaren edukia 2019 urtera egokitu, azken negoziaziotik hona izan den edozein eskubide hobekuntzat aintzat hartuz. Hizkuntza sexista zuzendu.