ARTE GRAFIKOAK (BIZKAIA)

Jarraipen zabala grebaren laugarren egunean

2024/05/23
Laugarren greba eguna Cebek-en egoitzaren aurrean amaitu den manifestazio jendetsu batekin bukatu da. Hain zuzen ere, patronala da maiatzaren 27an sektoreko gatazka desblokeatzeko aukera duena. Bestela, Bizkaiko arte grafikoen sektoreko borrokak aurrera jarraituko du

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 4 eguneko greba deialdia egin zuten Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean: apirilaren 29rako eta 30erako eta maiatzaren 22rako eta 23rako. Greben arrazoia da sektoreko patronala, CEBEK, ez dela serio ari sektoreko hitzarmena negoziatzen. Planteatzen dituzten edukiak ez dira nahikoak.

Maiatzaren 22ko eta 23ko greben balorazioa oso positiboa da, jarraipena garrantzitsua izan baita. Enpresa erreferentzialak, hala nola Cartonajes Erabil, Cartisa, Biolid, Grafo, Arteos Digital, Dascor, Divipa eta Garcinuño, geldirik eta produkziorik gabe daude.

Sektoreko sindikatuek hitzarmen sektoriala berreskuratzea eskatzen dute, 2011tik amaitua, baina hobekuntzak izango dituena eta ez murrizketak, patronalak nahi duen bezala. Erosteko ahalmena bermatzea, hitzarmena aplikatzeko bermeak, lanaldi murrizketa, prekarietateari mugak jartzea edo lizentziei eta kontziliazioari lotutako hobekuntzak eskatzen dute langileek.

Sindikatuek CEBEK patronalari eskatu diote negoziazioaren blokeoa bertan behera uzteko, eta sindikatu plataforman oinarrituta negoziatzeko. Maiatzaren 27an negoziazio mahaiaren beste bilera bat deitu da, eta Cebekek beste planteamendu batzuekin joan behar du, negoziazioa desblokeatzeko. Nolanahi ere, sindikatuek uste dute sektoreko plantillak oso mobilizatuta daudela eta borrokan jarraitzeko prest daudela.