Bizkaiko Arte Grafikoak
Jarraipen zabala izan da ziklo berriko lehen greba egunean
2024/10/29

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk beste 5 greba egun deitu dituzte Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean; urriaren 29an, 30ean, 31n eta azaroaren 4an eta 5ean. Greba eta mobilizazio txanda berri honen arrazoia patronalak negoziazioak blokeatzen jarraitzea da. Urriaren 24an egindako azken bileran, CEBEK patronalak ez zuen ezer jakin nahi izan sindikatuen plataformaren azken mugimenduaz.
Urriaren 29ko greba-egunak eragin handia izan du; sektoreko hainbat enpresaren ekoizpena gelditu egin da. Grafo, Cartisa, Divipa, Arteos edo Garcinuño bezalako enpresa erreferentzialek ekoizpena geldirik dute. Beste batzuetan, hala nola Biolid, Comeco eta Erabil enpresetan, grebaren eragina nabaritzen ari da. Mobilizazioak 5:30ean hasi dira Eskumaldean; 11: 30ean manifestazio jendetsua egin da Mungian.
ELA, LAB, CCOO eta UGTk negoziazioa blokeatzeko jarrera bertan behera uzteko exijitu diote CEBEK patronalari. Sektoreko langileek merezi dute baldintza onak dituen hitzarmen bat berreskuratzea, erosteko ahalmena bermatuko duena eta alderdi atzerakorrik ez duena. Azken hitzarmena 2009-11 izan zen.