Jarraipen zabala izan du Bizkaiko Metaleko bigarren greba egunak

2022/11/29
Bizkaiko metaleko bigarren greba egunak, azaroaren 28tik abenduaren 2ra dago deituta greba, jarraipen zabala izan du enpresetan. PCB eta Vicinay enpresek eta Sestaoko ACBk ekoizpena eten dute. Lehen ordutik, ELAko piketea izan da Sestaoko Vicinay enpresan. Eguerdian, manifestazioa egin du Barakaldon. Sindikatuak berriz eskatu dio FVEM patronalari aberastasuna banatu dezala eta har ditzala prekaritatearen aurkako neurri eraginkorrak hitzarmen batean. Grebaren hirugarren egunean, azaroaren 30ean, ELAk elkarretaratzea egingo du patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, 10:30etik aurrera.

Ezkerraldeko Molycop (Abanto Zierbana) eta Aguinaga Comercial (Barakaldo) enpresek ere protagonismo berezia izan dute. Bi enpresetako langileek asteak daramatzate greban. Molycopen beren lanpostuak defendatzen ari dira azken urteotan etekin handiak lortu dituen multinazional baten aurrean. Gauza bera gertatzen da Aguinagan, Mercedesen kontzesionario batean, uko egiten diolako aberastasuna langileen artean banatzeari.