TUBOS REUNIDOS PREMIUM THREADS (LANGRAIZ OKA)

Justiziak enpresa zigortu du greba eskubidea urratzeagatik

2025/06/20
Epaitegiek arrazoia eman diote ELAri eta Tubos Reunidos 50.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak Tubos Reunidos Premium Threads (Langraiz Okako Subillabide industrialdean) zigortu du: ELA sindikatuari 50.000 euroko kalte ordaina ematera behartu du, grebarako oinarrizko eskubidea urratzeagatik.

Ebazpen judiziala bat dator Arabako Lan Ikuskaritzak egin zuen txostenarekin. Txosten horretan egiaztatu zen 2024ko uztaila eta iraila bitartean deitutako greba egunetan enpresak barne eskirolajea egin zuela, hau da, greban dauden langileak mobilizazioetan parte hartu ez zutenekin ordezkatu zituela enpresak, greba eskubidearen arau hauste larria dena.

Greba mugagabeak zortzi aste iraun zuen, enpresa multinazional horretako 73 langileentzako hitzarmen propio bat lortzeko. Bitartean, enpresak legez kanpoko praktikak egin zituen, grebak ekoizpenean eragiten zuen inpaktua minimizatzeko asmoz.

ELAk positibotzat jo du epaia, aurrekari juridiko bat ezartzen baitu; epai horrek onartzen du grebarako eskubidea ezin dela saihestu ezkutuko ordezkapenen edo enpresa praktiken bidez, greba baliogabetzeko asmoarekin.