Justiziak Novaltia zigortu du berriro, oraingoan, informazio-eskubidearen arloko askatasun sindikala urratzeagatik

ELAk oso positibotzat jo du epai hori; alde batetik, enpresa-batzordeak eskuratu ahal izango duelako orain arte ukatu zaion dokumentazioa -grebarekin zerikusia duena-; bestetik, sindikatuak langileen interesak defendatzeko eta sustatzeko dituen informazio-eskubideak zabalduko direlako. Ebazpenak kontuan hartzen du, halaber, Lan Arloko Salak hainbat epai eman dituela Novaltiako grebari buruz, eta guztietan enpresa kondetatu dela greba-eskubidea urratzeagatik.
2021ean, greba-batzordeak grebarekin zerikusia zuen dokumentazio oso zabala eta garrantzitsua eskatu zion enpresari. Enpresak uko egin zion eta ELAk erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, baina lan-arloko epaitegiak ez zuen demanda baietsi. Hala ere, aste honetan Auzitegi Nagusiak onartu egin du ELAren helegitea, eta Novaltia zigortu du enpresa-batzordeari dokumentazio zabal bat ematera. Dokumentazio hori funtsezkotzat jotzen da, eta negoziazio kolektiboarekin eta enpresako grebarekin lotzen da.
Epaiak adierazten duenez, eskatutako dokumentazio ekonomikoa oso garrantzitsua da enpresaren benetako finantza-egoera ezagutzeko, langileek grebara eraman dituzten asmoak kontuan hartuta. Era berean, langile guztien ordainsarien berri eman beharko du enpresak, eskatutako baldintzetan; izan ere, ELAren aldarrikapenetako bat da, hain zuzen ere, soldata baxuenak igotzea, eta horrek Novaltiaren ordainsari guztiak ezagutzea eskatzen du.