LANGILEAK BORROKAN
Errealitatea (batzuetan) ez da kontatzen dizuten bezalakoa

SIDENOR
Milioiak akziodunentzat, miseria langileentzat
2023ko abenduaren 27a egun handia izan zen Sidenorreko akziodunentzat, Gabonetako aparteko ordainsariaren, Olentzeroren eta Errege Magoen arteko nahasketa. Egun horretan, enpresak 15 milioi euroko dibidendua banatzea erabaki zuen, ordaindu gabe zeuden borondatezko erreserben kontura. Opari goxo horiek ohikoak dira enpresa honetan. 2019an dibidenduen banaketa 15 milioi eurokoa izan zen. 2022an, enpresak uztailaren 1ean 15 milioi euroko dibidendua banatzea erabaki zuen, eta abenduaren 1ean 10 milioikoa. Gainera, urte horretako abenduaren 31n, taldeko enpresekin eta epe laburreko elkartuekin zorretan erregistratuta zegoen 10 milioi euroko zenbatekoa geratu zen ordaintzeko. 2023ko ekitaldian dibidendu hori bazkide bakarrari ordaindu zitzaion.
Sidenorren lan egiten dutenek milioika euro sortzen dituzte, eta horiek, akziodunek poltsikoak betetzeko ez ezik, Sidenorrek beste enpresa batzuk eskuratzen ahalegintzeko ere balio dute. Azken asteetan hainbat informaziok jaso dutenez, Sidenor Talgo enpresaren akzioak eskuratzeko lehiatzen aritu da, 150 milioi euro inguruko eskaintza eginez. Halaber, jakin da enpresak diru kopuru handiak inbertitzen dituela futbol taldeak diruz laguntzen.
Edozeinek pentsatuko du, egoera honetan, Sidenorren lan egiten dutenen egoera bikaina dela: milioi askoko dibidenduen banaketa, beste enpresa handi batzuen akzioen truke egindako eskaintza, futbolaren munduan egindako inbertsio handiak... Ba ez. Sidenorren lan egiten dutenen errealitatea oso bestelakoa da: pobretzea, duela hamarkada bat baino askoz ordu gehiago lan egin beharra, mugarik gabeko malgutasuna, KPIa ere bermatzen ez duten hitzarmenak, miseriazko soldatak ERTE bat pairatzen ari direnentzat…
Ez da dirurik falta Sidenorren. Beno, bere plantilla propiorako izan ezik. Gainera, Sidenor taldeko ekitaldiko gastuen % 12,2 baino ez dagokio plantilla horri. Errealitate horrek aurrez pentsatutako enpresa-estrategiari erantzuten dio. Zuzendaritzak, bere azpikontrata sindikalen bidez, Sidenor aberastasuna oso gaizki banatzen den eta batzuen oparotasuna gehiengoaren esplotazioaren bidez sortzen duen enpresa izatea lortu du. Testuinguru horretan, ELAk argi du: xantaia gutxiago, dibidendu gutxiago gutxi batzuentzat eta errespetu eta baldintza hobeak langileentzat.
HEIDELBERG MATERIAL – CEMENTOS REZOLA
Enplegua eta trantsizio ekologikoa guztiz bateragarriak dira
2024ko ekainaren 28an, Añorgako Heidelberg Material enpresak (Cementos Rezola) 56 langileri eragiten zien EEE baten prozesuaren hasiera jakinarazi zion Enpresa Batzordeari, lantegia deskarbonizatzearen aitzakiarekin. Dataren aukeraketa ez zen kasualitatea izan. Enpresa honek beti egiten ditu uda hasieran horrelako mugimenduak, pentsatuz –hala uste dugu– horrela langileak lausoago harrapatzen dituela. Enpresak arrazoi tekniko, antolamenduzko eta produktiboengatik justifikatu zuen enplegu-erregulazioko espedientea. Enpresak, Europako araudiak ezarritako aldaketak argudiatuz, Añorgako labea itzaltzea eta berregituraketa egitea erabaki zuen, plantillaren erdia baino gehiago kaleratuz, 56 pertsona.
Enpresak lehenengo minututik nahi izan zuen argitaratu kaleratu behar zituen pertsonen zerrenda. Enpresak hasieratik izan duen fede txarra erakusten duen asmo adierazpena. Argi utzi nahi zuten partidaren hasieratik zein izango zen azken emaitza.
ELAk beti defendatu du trantsizio ekologikorako prozesua egin behar dela, bai Cementos Rezolan, bai Euskal Herriko beste enpresa askotan. Arrazoiak soberan daude. Baina ELAk argi utzi du beti gauza bat: trantsizio horretan bai enpleguak eta bai lan baldintzak bermatu behar direla. Cementos Rezola enpresak diru asko irabazi du urte askotan. Hau da, lanpostu guztiei eutsiz errealitate berrira egokitzeko inolako arazorik ez duen enpresa da.
Enplegu-erregulazioko espedientearen berri izan bezain laster langileen batzarra egin zen, eta greba mugagabea deitu zen. Kontsultaldian, enpresak hainbat aukera aurkeztu zituen. Lehenengo kaleratze traumatikoak, gero Arrigorriagako zentrora joateko aukera eta, azkenik, hasieratik prestatuta zeraman aurre-erretiro plana. Fede txarreko beste ekintza bat, enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazio-prozesuan ezin delako langileekin negoziazio-mahaitik kanpo negoziatu. Horrek, gainera, kaleratze traumatiko asko zekartzan.
Negoziazio osoan ELAk ideia nagusi bati eutsi zion: enplegu guztiak bermatu beharra. Eta, soluzioren bat egotekotan, borondatezko irteera sistemaren bidez izan beharko litzateke. Gainera, ELAk, Añorgako zentroaren funtzionamendu egokia bermatzeko 24 lanpostu gehiago behar zirela erakusteko txostena aurkeztu zuen. Horrela, ELAk erakutsi zuen aurre-erretiro sistemarekin eta Añorgan 24 pertsona gehiago geratuta, posible zela EEE prozesua inolako kaleratze traumatikorik gabe egitea.
Enpresak ez zuen inoiz enpleguaren defentsan sartu nahi izan, eta negoziazioan aurrerapen txiki batzuk egon ziren arren, kontsultaldia akordiorik gabe amaitu zen, oraindik kaleratze traumatikoek bere horretan jarraitzen zutelako. Testuinguru horretan, kontsultaldia amaitu ondoren, ELAk grebarekin jarraitzea eta bide juridikoa irekitzea erabaki zuen. Gainera, ELAk salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan, langileak legez kanpo ordezkatzeagatik.
ELAk bide judiziala ireki zuela ikusi zuenean, enpresak bere xantaiekin jarraitzea erabaki zuen. Kaleratuko zituen langileak banan-banan deitzen hasi zen, orri bat sinatzen bazuten kalte-ordain hobeak izango zituztela, baina ez bazuten sinatzen kalte-ordaina oso txikia izango zela esanez. Xantaia eta mehatxu horien aurrean, zenbait langilek enpresak aurkeztu zien dokumentua sinatu zuten. Hala ere, ELAk garbi zuen: kaleratze horiek guztiek traumatikoak izaten jarraitzen zuten, enpresaren xantaiaren ondorio baitziren. Pertsona horiek guztiek Añorgan lanean jarraitu nahi zuten.
Enpresa-batzordea osatzen zuten bi sindikatuek (ELA eta LAB) demanda aurkezteko konpromisoa bazuten ere, aurkezpenaren bezperan LABek akordioa lortu zuen zuzendaritzarekin, eta greba bertan behera utzi zuen. Akordio horrek, ELAren iritziz, interes kolektiboaren aurka joatea eta interes indibidualen alde egitea zekarren argi eta garbi, pertsona jakin batzuen kalte-ordainak baino ez baitziren negoziatzean. Akordioak jasotzen zuen ez zegoela kaleratzerik eta irteerak borondatezkoak zirela, eta hori, gezurra izateaz gain, oso larria zen.
Akordio hori langileen batzar nagusira eraman zen. Langileen zati handi batek bozketan parte ez hartzea erabaki zuen, akordioak ez zituelako errespetatzen negoziazio prozesuaren hasieran planteatutako gutxienekoak: kaleratze traumatikorik ez egotea, Añorgako lantegiaren etorkizuna bermatzeko plantilla gehiago...
ELAk salaketarekin jarraitu zuen, eta epaiketa urriaren 29an egin zen. LABek zuzendaritzarekin sinatutako akordioa defendatu zuen, eta enpresaren alde jarri zen. ELAk epaiketa galdu zuen, eta horrek esan nahi du Añorgako lantegiak 54 langile gutxiago izango dituela. Baina ELA harro dago, gatazkaren hasieran egindako bidea errespetatu duelako. ELA beti egon da enpleguaren defentsan, eta horrela jarraituko du, bai Cementos Rezolan, bai gainerako enpresetan.
BSH ELECTRODOMÉSTICOS
BSHrenak delitua du
2024ko abenduaren 16an, BSH Electrodomésticos-ek Eskirotzeko (Nafarroa) lantegia ixteko asmoa iragarri zuten. Erabaki horrek ia 700 pertsona langabezian uztea ekarriko zukeen, eta hori enpresa laguntzaile askotan eragingo zituen ondorioak kontuan hartu gabe. Nafarroako Gobernuaren eta eragile sozial eta sindikal askoren lehen erreakzioa itxiera-iragarpenak “ezustean” harrapatzen zituela onartzea izan zen. Tira, benetan harrigarria da ez gogoratzea hilabete batzuk lehenago enpresa batzordeak (ELAk 17 ordezkaritik 2 ditu) agerraldia egin zuela Foru Parlamentuan Eskirotzeko zentroaren egoera salatzeko, inertzia oso negatiboa zela ohartaraziz: 2015etik 2023ra lantegiak bere ekoizpen kargaren erdia galdu zuen, eta zuzendaritza bigarren urtez jarraian ERTE bat aplikatzen ari zen (guztira, 80 egun inguru bi ekitalditan).
Agian ezustekoa izan zitekeen ixteko asmoa ezagutzea, jakinda BSH taldeak 60 milioi euroko irabaziak dituela urtean (estatuko datua), baina multinazional horrek Nafarroan egin duen ibilbidea errepasatuta, ezustea errutina bihurtzen da. Azken 15 urteetan beste lau lantoki itxi ditu, ia kasu guztietan ekoizpena ustez kostuak merkeagoak diren lekuetara eramateko. Gogora ekarri behar da Bosch (garai bateko Bendibérica, Buztintxurin), Agni (Lizarra) edo Ufesa (Etxarri-Aranatz) bezalako lantegi historikoen itxiera, lehen Uharten zeuden taldearen bulegoak Zaragozara eraman zituztela ahaztu gabe.
Inkontziente kolektiboan “teknologia alemana zure eskura” zioen esloganak irauten du, hori etorkizun hobe, modernoago, seguruago eta baldintza hobeagoetarako bermea balitz bezala. Aitzitik, BSHtik (Bosch-Siemens, ez dezagun ahaztu) geratzen dena “ustelkeria politikoaren teknologiari” lotutako oroitzapena da. BSH Nafarroan lurreratu bazen, 1989an, Cordovillako plantillan 1.500 langile eta Lizarrakoan 1.000 zituen eta porrot egin zuen Super Ser zaharraren (lehengo Orbaizetatik zetorrena, aldi berean) aktiboak Nafarroako Gobernuari erosteko izan zen.
Gaur egun, Safel hitza (bere gain hartu zituenean Foru Gobernuak Super Ser-en aktiboei eman zien izena) ahaztu egin da, baina Safel Kasuari buruz hitz egiten badugu, gauza aldatu egiten da: judizialki frogatuta dago BSHk 5.000 milioi pezeta (30 milioi euro inguru, hau da, oparia) ordaindu zituela Safelen aktibo guztiengatik, eta zenbateko horretatik 200 milioi pezeta (1,2 milioi euro) Suitzako kontu batzuetan ‘despistatu’ ziren Gabriel Urralburu (orduko Nafarroako Gobernuko presidentea), Luis Roldan (Gobernuaren ordezkaria) eta garaiko gobernu sozialistako beste buruzagi batzuen izenean. Ustelkeria horren ondorioz (eta besteren baten ondorioz) erori ziren XX. mende osoan eskuinak kontrolatzen ez zituen bi nafar gobernu bakarrak: Urralbururena eta Otanorena (hiruko ospetsua).
BSHrenak, beraz, delitua du, esanahi guztietan. Orain kontua da beraiek ordaintzea, ez langileek.