Gipuzkoako Grafikagintzan aldarrikapenetatik urrun dagoen hitzarmena sinatu du LABek Adegirekin eta borroka desaktibatu du

2019/10/29
Gipuzkoako Grafikagintzako sektorean sindikatuek mahai gainean jarritako aldarrikapen asko alboratu eta Adegi patronalarekin hitzarmena sinatu izana leporatu dio ELAk LABi. Borrokari esker patronala mugiaraztea lortzen ari ziren momentuan patronalak eskainitako hobekuntza txikiak onartzea eta gatazka desaktibatzea aurpegiratu dio.

Izan ere, ELAren ustez, lau hilabete baino gehiago Adegiren berririk gabe egon eta gero, gaur, urriak 29, patronalak sindikatuei dei egin die presaka, denbora luzez atzeratuta dagoen proposamen bat aurkezteko eta LABek onartu egin du.

ELAk gogora ekarri duenez, patronalaren azken proposamen serioa 2019ko maiatzaren 15ekoa da, orduan jarri baitzuen mahai gainean hiru urterako KPIaren igoera. Ordutik, Adegik negoziazioa luzatu eta hustu baino ez du egin, eraginkorrak ez diren bilerekin eta sektorea 8 eguneko grebara eramanez.

Bada, sektorearen mobilizazioari esker, gaurko egunean patronalak aurreko proposamenari hobekuntza batzuk gehitu dizkio, beti ere, sindikatuen eskaeretatik urrun:

  • Soldatak: 2019 = KPI [% 1,2] + % 0,6; 2020 = KPI [gaur egun % 0,5] + % 0,6; 2021 = KPI + % 0,75 (2021).

  • 1.16 eta 1.22 profilak ezabatzea.

  • Hitzarmena aplikatzeko lehentasuna, Estatukoaren aurrean. Inaplikazioaren inguruan ordea, ez du aipamenik egiten.

  • Medikuaren kontsultetarako lizentzien hobekuntza, guraso bakarreko familietara ere zabaldu daitekeena; eta larrialdietako box-a gaixotasun larritzat parekatzea.

Gauzak horrela, ELAk argi utzi du proposamen oraindik ere murritza dela hainbat arrazoi medio: patronalak ABLEen eta lizentzien arloko lege- eta jurisprudentzia-egokitzapenak bere proposamen gisa saltzen jarraitzen duelako; 1,47 profilak sektore honetarako gutxienekoa izan beharko lukeelako; igoerak benetan ez direlako nahikoak eta ELAk eta LABek azken bileran proposatutako KPI+ %2,75etik urrun jarraitzen dutelako; eta azkenik, lan-erreformaren aurrean erabat blindatuta ez dagoen hitzarmena izaten jarraitzen duelako.

Era berean, ELAk patronalari gogorarazi nahi izan dizkio LABekin batera osatutako plataforman bildu ziren eta kanpoan utzi diren beste puntu garrantzitsu batzuk, besteak beste, errelebo kontratua. Hala ere, gehitu du ELAk, “argi utzi dute ez dutela ahalegin gehiago egingo”.

Horregatik, hain zuzen, harriduraz hartu du ELAk LABek azken bilera honetan hartutako norabidea. “Adegiren lehen proposamen horren ondoren, sektoreko 5 greba egunak bertan behera uztea proposatu du, borroka presaka utziz eta jada fruituak ematen hasia zen gatazka bat desaktibatuz”. ELAren ustez badago lorpen handiagoak lortzeko marjina eta sindikatua beti egongo da prest sektoreko enpresetako langileei laguntzeko, haien lan-baldintzak ahal den neurrian hobetzeko.