ELAk salatu du lan hitzarmenak behin eta berriz urratzen direla obra publikoetan

2018/02/26
Igor San Jose eta Luis Fernandez ELAko eraikuntza sektoreko arduradunak Legebiltzarreko Lan eta Justizia batzordearen aurrean agertu dira, oro har, herrilanen egoera salatzeko, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak esleitzen dituen obratan langileek bizi duten egoera azaleratzeko.

Agerraldiaren hasieran talde parlamentarioei Urko Apaolaza kazetariak idatzitako "Zuloan" liburu eman zaie; bertan azaltzen da Abiadura Handiko Trenaren lanetan dagoen egoera soziolaborala.

Agerraldian salatu da eraikuntzako lan hitzarmenak sistematikoki urratzen direla, eta horrek herrilanetan eta eraikuntza pribatuetan esplotazioa eragiten duela. Halere, xeheago azaldu dira ere Eusko Jaurlaritzaren ardura maila desberdinak, berak esleitzen dituen herrilanetan zein beste euskal administrazioek esleitzen dituztenetan.

ELAk hainbat proposamen egin ditu, gauzatu litezkeenak borondate politikorik balego. Haatik, duela bi urte ELAk bultzatu zuen HLEari 110.000 herritarrek babesa eman zioten, baina Eusko Jaurlaritzak guztiz hustu zuen; agerian geratu zen gobernu honek prekarietatearen arazo orokorrari ez diola heldu nahi, ezta eraikuntzan gertatzen den esplotazioari ere.

Halaber, sindikatuak eskatu du inpunitatearen gurpila hautsi beharra dagoela, horregatik lan hitzarmenak behin eta berriz urratzen baitira; horren ardura dutenak, eraikuntzako enpresa handiak, administrazioak eta Lan Ikuskaritza. Patronalari legea betetzea baino merkeagoa gertatzen bazaio legea urratzea, arazo horrek ez du irtenbiderik izango.