MICHELIN GASTEIZ

Langileek erreferendumean erabaki dute euren baldintzak eta akordioak hemen negoziatzea

2023/10/10
ELA pozik agertu da lantoki arteko batzordetik ateratzearen aldeko erreferendumaren emaitzarekin.

ELAk positibotzat jo du Gasteizko lantegian egindako erreferenduma. %70ko parte hartzearekin, langileak lantokien arteko batzordea uztearen alde agertu dira 1.237 botorekin (%51.43), sindikatuak defendatu duen bezala.

Gogora dezagun Arabako lantegiak ezetz esan ziola lantokien arteko batzordeak onartutako hitzarmenari, eta horren ondoren egin dela erreferenduma.

Horregatik, lehenik eta behin, ELAk positibotzat jo du Gasteizko langileei galdetu izana euren lan baldintzak non negoziatu nahi dituzten. Hori guztia, Enpresa Zuzendaritzak jarritako trabak gorabehera, ez baitu baimentu lanaldiaren barruan bozkatu ahal izatea. Ondorioz, erreferendum honetan parte hartu duten pertsonek ahalegina egin behar izan dute lan ordutegietatik kanpo botoa emateko.

Bigarrenik, ELAk azpimarratu nahi du plantillak hartutako erabakiaren garrantzia. Izan ere, lantokien arteko batzordetik ateratzean, hautsi egiten du estatu mailako negoziazio markoa. Hitzarmenaren azken negoziazioan ikusi denez, Enpresa Zuzendaritzak kontrolatzen du lantokien arteko batzordea eta bere erabakiak inposatzen dizkio Gasteizko plantillari. Hori dela eta, erreferendumak agerian utzi du Gasteizko Michelin lantegiak hemen negoziatu nahi duela eta negoziatu behar duela bere hitzarmena.

Azkenik, ELAk badaki erreferenduma lehen urratsa baino ez dela Gasteizko plantilla osatzen duten pertsona guztientzako lan baldintza hobeak bilatzeko, baita azken urteotan eskatutako eskubideak berreskuratzeko ere. ELAk bide horretan jarraituko du.