Langileek konponbideak eskatu dituzte Eusko Legebiltzarraren aurrean
Mobilizazioa negoziazio mahaian beste bilera bat egin eta, berriro ere, aurrerapausorik lortu ez ostean egin da. Hala, gatazkak blokeatuta jarraitzen du uztailean greba hasi zenetik; bien bitartean, langileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote esku har dezala, negoziazioaren korapiloa askatzen laguntzeko.
Langileek zuzenean helarazi nahi izan dizkiote Eusko Jaurlaritzari eta Mikel Jauregi Industria sailburuari negoziazioetan aurrerapausorik ez egoteak eragiten dien kezka. Langileen iritziz, zerbitzu publikoa den heinean, Eusko Jaurlaritzak ere badu gatazkan erantzukizuna bere gain hartzeko eta konponbide bat bilatzeko esku hartzeko betebeharra.
Grebaren ondorioz, Bergarako eta Zarauzko IAT estazioetako jarduera etenda dago. Asteek aurrera egin ahala, egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute langileek, eta inguruko herrietako estazioak gero eta gertuago daudela kolapsotik, erabiltzaileak pilatzen ari direlako. Langileek ohartarazi dute egoerak bere horretan jarraituz gero zerbitzua normaltasunez ematea eta, ondorioz, errepideetan segurtasuna bermatzea ezinezkoa izan daitekeela.