Langileek ohartarazi dute enpresa greba eskubidea urratzen ari dela
ELAk salatu du Itasua ITV enpresak greba eskubidea urratu duela Zarauzko lantokian langile bat kontratatuta, greban dauden langileak ordezkatzeko eta mobilizazioen eragina murrizteko.
Bergarako eta Zarauzko ITVetako langileek hirugarren greba eguna dute gaur. Enpresa hitzarmen propioaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta, uztailaren 13tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.
Langileek Gipuzkoako gainerako ITVetako baldintzekin parekatzea eskatzen dute. Urtean 133 ordu gehiago egiten dituzte lan, eta 2.000 eta 8.000 euro artean gutxiago kobratzen dute.
ELAren arabera, orain arte egindako hiru greba egunek jarduera erabat geldiaraztea lortu dute. Sindikatuak kritikatu du enpresak negoziatzeko borondaterik erakutsi ez izana, eta, horren ordez, greba eskubidea urratu izana.
ELAk zuzendaritzari benetako negoziazioari ekiteko eskatu dio, eta adierazi du enpresaren jarrerak langileen erabakia are gehiago indartu duela: enpresa hitzarmen propioa lortu arte mobilizazioekin jarraituko dute.